Tolosaldeko Herrirak larunbatean Bilbora joateko deia egin du

tolosa 2012ko apirilaren 11

Tolosaldeko Herrira mugimenduak, datorren larunbatean Bilbon izango den bizi osorako espetxe zigorraren aurkako manifestaziora joateko deia egin du.

Deialdian, Pello Odriozola tolosarra «parot doktrinaren aitzakiapean oraindik espetxeratuta» dagoela gogora ekarri dute, eta bide horretan, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren aurka protesta egitera joateko beharra azpimarratu dute.

Eskualdean, hainbat autobus antolatuko dituzte Bilbora joateko. Batetik, Anoetako Itzuli tabernan jarriko dute zerrenda. Alegialdeko autobusean izena eman nahi duenak, berriz, ohiko lekuetan egin beharko du. Azkenik, Berastegi, Berrobi eta Elduainen ere antolatuko dute autobusa; izena udaletxeetan eman ahal izango da, eta Berastegiko Urepele elkartean ere bai. Kasu honetan, haurrek eta langabetuek ez dute autobusik ordaindu beharko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!