35 urteren ondoren, «harrera ona» izan du Tolosan idi probak

tolosa 2012ko apirilaren 11

35 urte eta gero, idi proba izan zen Tolosan, pasa den larunbatean. Rondilla kaleko zati bat hartu zuten horretarako, eta antolatzaileek azaldu dutenez, «jende asko bertaratu zen, egin zuen eguraldia ikusita».

Aste Santuko oporraldia Tolosan pasatzen dutenei nahiz turistei begira, hainbat jarduera antolatu zituen pasa den Larunbat Santurako Tolosako Udalak; bi sukaldariren eta Alejandro Goyaren idien arduradunen laguntza izan zuten horretarako.

Goizean goiz, eta larunbateroko azokan antolatu ohi duten KM O ekimenaren barruan, karakolak prestatu zituzten Astelena jatetxeko Peio Doyharzabalek eta Botarri jatetxeko Txemari Estebanek. Guztira, 2.500 barraskilo prestatu zituzten, Aste Santuan hain tradiziozkoa den errezeta jarraituz, eta Hasier De los Rios zinegotziak nabarmendu duenez, «jende asko bertaratu zen Zerkausira».

Honen harira, Tolosako Udalak balantze «positiboa» egin du pasa den apirilaren 7ko jardueren inguruan: «Jende dezente joan zen turismo bulegora, informazio eske», azaldu du De los Riosek. Goizean Zerkausian banatutako barraskiloak azkar amaitu ziren, eta era berean, karakol lasterketak ere parte hartzaile asko izan zituela azaldu du. Guztira, 30 parte hartzailek eman zuten izena, eta «barraskilo batzuk parte hartzaileek eurek ekarritakoak izan ziren, urte osoan zehar zaindutakoak», dio Hasier De los Riosek. Hala ere, udalak eskuragarri jarritako karakolekin ere lehian parte hartu zuten beste batzuek.

Karakol lasterketan lehiatu ziren gehienak tolosarrak izan zirena azpimarratu du zinegotziak, baina hala ere, Tolosa inguruko nahiz urrunagoko parte hartzaileak ere izan ziren: Ibarra, Elduain, Madril edo Bartzelona.

Irabazlea Elixabete Zeberio izan zen, Lili izeneko barraskiloarekin; Larraitzeko Txindokiko Itzala zuhaitz parkerako bi sarrera eskuratu zituen. Bigarren sailkatua ere tolosarra izan zen, Eneko Lopez; Eneko izeneko karakolarekin lortu zuen txapeldunorde izatea, eta Tolosa & Co merkatari elkarteko dendetan erabiltzeko 50 euroko txartela jaso zuen sari moduan.

Idi proba «jendetsua»

Duela 35 urte ospatu zuten Tolosan, azkenekoz, idi proba. Pasa den larunbatean, ordea, Rondilla kalean berriro izan zen idi proba erakustaldia. Tolosako Alejandro Goya, Aiako Izeta eta Errenteriako Illarreta idiak izan ziren parte hartzaileak, eta azken hauek irabazi zuten 20 minutuko erakustaldiko proba.

Alejandro Goya idien arduradunek antolatu zuten erakustaldia, Tolosako Udalaren laguntzaz, eta bi eragileek bat egin dute balantzea egiterakoan; izan ere, «euria ari zuela kontuan izanda», balorazio oso ona egin dute, bai Hasier De los Riosek, eta baita Alejandro Goya idien ordezkariek ere.

Era berean, Alejandro Goya idien antolatzaileek aurrera begira beste idi probaren bat antolatzeko ideia badarabiltela azaldu dute: «Diru laguntzak-eta behar dira, baina ikusiko dugu zer egin».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!