Areto fuboleko 2.B mailan lehiatzen duten bi talde gipuzkoarren arteko bigarren derbia jokatu zuen Laskorainek, Conceptok Elgoibarko Olaizagan. Ezaugarririk funtsezkoena parekotasuna izan ohi den arren, larunbatean logikak ez zion ustekabekoari abagunerik eskaini eta elgoibartarrak 6-2 nagusitu ziren.
Arratsaldea, partida hasi aitzinetik okertu zen ikastolakoentzat: Endika atezain titular bikainari beroketan sorbalda irten zitzaion. Iker Saralegi jubenilak ordezkatu zuen. Bere debutean meritu handiko partida osatuz, baina Endikaren hutsunea kolpe gogorra izan zen. Kantxa barnean, lehen zatian laskoraindarrek Conceptokoen jokoari ederki eutsi ziotela esan behar da, etxekoen lehenengoari Mikel Alonsok berdinketarekin erantzun ziolarik, nahiz eta ondoren atsedenaldiaren aurretik berriro aurreratu elgoibartarrak.
Parekotasuna aldageletatik bueltan desegin zen. 5-2koa suposatzen zuen gol laskoraindarra Joniko Otxoa pistoleroak sinatu zuen, baina beranduegi zen erreakziorako. Horitxoen derbi bilduma zabal eta oparoaren azken atalburua narras xamarra gelditu da. Porrotagatik baino gehiago Endika handiaren lesioagatik. Atezain titularrari animoak eman eta Saralegiren debut itxaropentsuarekin gelditzea tokatzen da. Lau jardunaldi besterik falta ez direnean, Laskorain azken aurrena da sailkapenean.