«Emakume izateagatik erailtzen dituzte; hori da arrisku faktorea»

tolosa 2012ko martxoaren 27a

Tolosako Larramendi auzoan emakume bat hil zuen gizonezko batek igande iluntzean eta gertaera hau salatzeko ez ohiko batzarra egin zuten, atzo, Tolosako udaletxean.

Udala osatzen duten ordezkariek eta alderdi politikoek testu bateratua onartu zuten, Berdintasun sailarekin, Bilgune Feministarekin eta Berdinbide taldearekin batera. Udal ordezkariek, lehenik eta behin, eraso sexista salatu zuten, eta hildako emakumearen familia eta gertukoei beren doluminik sentikorrena adierazi zieten. Era berean, «emakume izateagatik erailtzen dituzte, berdin dio zein den bere jatorria, klase soziala edota egoera, emakume izatea da arrisku faktorea», esan zuten. Honekin batera, hiltzailearen adina ekarri zuten gogora –26 urte– eta denborak arazoa ez duela konponduko esan: «Belaunaldi gazteetan errepikatzen diren rol estereotipatuak erakusten ari diren bezala».

Erantzunak integralak izan behar direla ere adierazi zuten; «denok elkarrekin ez bagoaz, konponbideak ez dira eraginkorrak izango». Bukatzeko, herritar guztiak gonbidatu zituzten mobilizazioetan parte hartu, eta «indarkeria matxistaren kontra lanean» jarraitzera.

Ezohiko batzarra bukatuta bertaratutako asko Trianguloara joan ziren, plazan Bilgune Feministak deituta, herritarrek elkarreratzea egin zuten eta. Jende asko elkartu zen 39 urteko Caridad Rodriguez Arrietaren hilketa salatzeko. Bertan, besteak beste, Laura Gomez, Berdintasun diputatua; Ikerne Badiola, Kultura, Gazteria eta Kirola saileko ahalduna; Loitzune Txarola Batzar Nagusietako presidentea; Martin Garitano Ahaldun Nagusia; eta Jose Luis Herrador Espainiako Gobernuko Gipuzkoako gobernadoreordea izan ziren. Leitzan ere, Lopeneko biribilguean bildu ziren herritarrak.

Gertaerak

Ertzaintzak igandean 20:00ak aldera jaso zuen gizonezko baten deia, emazte ohiak bere etxeko atea irekitzen ez ziola eta. Etxebizitzako gela batean aurkitu zuten hildako emakumearen gorpua indarkeria zantzuekin. Lepoan zuen ebakia.

Hiru ordu beranduago emakumearen etxebizitzan agertu zen biktimaren oraingo bikotekidea. Hilketaren ustezko egilea zelakoan atxilotu zuen Ertzaintzak, gazteak beren aurrean horrela onartuta.

Emakumea hilik agertu zen gelan, hainbat labana aurkitu zituen Ertzaintzak, eta horietakoren batekin bere bikotekidea hil ote zuen aztertzen ari dira. Atxilotu zuten unean, gizonak besaurrean labanaz egindako zauriak zituela esan zuens Ertzaintzak, eta Tolosako klinikara eraman zuten. Asuncion klinikan Donostiako psikiatria sailera eramatea gomendatu zioten Ertzaintzari. Sail horretan alta eman ondoren, Tolosako Ertzaintzaren polizia etxera eraman zuten ertzainek, galdeketa egiteko. Une honetan polizia etxean dago, eta 48 ordu igarota epailearen aurretik pasako da. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailak jakinarazi zuenez, atxilotuak hilketa egin izana onartu du.

Atxilotua, aurretik ere, beste zazpi aldiz atxilotu dutela azaldu zuen Herrizaingo sailak. Horietako batean, orain hiru urte, aurreko bikotekideari mehatxu egitea leporatu zioten. Lau urtez kartzelan egona da, lapurreta, droga trafikoa eta genero indarkeriagatik.

Arduraz jokatzeko deia

Atzo eguerdian Ibai Iriarte alkatea prentsaren aurrean agertu zen eguerdian. «Indarkeria matxistaren aurrean arduraz jokatzea eskatzen dut. Gizartean zerbait gaizki egiten ari gara, eta hausnarketa sakon bat egin behar dugula iruditzen zait, denon artean honi bukaera eman diezaiogun. Ikusi besterik ez dago zenbat emakume hiltzen dituzten, egun bat bai eta bestea ere bai», nabarmendu zuen alkateak.

«Ez da normala honelako hainbeste kasu gertatzea. Gaur hemen hilketa bat gertatu delako gaude, baina egunerokoan genero indarkeriaren kasu asko ematen dira», ekarri zuen gogora. Gizarte honetan aldaketak emateko, hezkuntza beharrezkoa dela nabarmendu zuen, eta baita ohiturak aldatzea ere. «Errespetuz jokatzea nahi dut, eta ez dut izenik ematea nahi, eta are gutxiago adin txikikoak tartean daudenean. Morboan erori gabe, informatzea nahi dut», gaineratu zuen Tolosako alkateak.

Era berean, herritarrei «egun hauetan deituko diren elkarretaratze zein salaketa adierazpenetan», parte hartzeko deia egin zien.

Alderdi eta eragileek ere gertaeraren aurrean, beraien salaketak egin zituzten, eta gaur bertan, Emakumeon Mundu Martxako plataformak deituta, hilketa hau salatzeko elkarretaratzea egingo dute 19:30ean, Tolosako Trianguloa plazan.

Atzo, Bilgune Feministakoek ere egin zuten elkarretaratzea, eta «egiturazko arazoa da hau, eta ondorioz, ez da nahikoa momentuko neurriekin erantzutea. Neurri eraginkorrak behar ditugu, prebentziozkoak, integralak, jendartean erasotzaile gehiago ez dela egongo bermatuko dutenak. Sistema patriarkal kapitalista honi era integralean erantzuten ez zaion bitartean, emakumeon aurkako erasoek bere horretan jarraituko dute», adierazi zuten.

«Guztion indarraz ez dugu bat gehiago pasatzen utziko. Ez emakumeok emakume garen aldetik, baina ezta jendarteak berak ere, parekidetasunean oinarrituriko etorkizuna nahi badugu Euskal Herriarentzat», gaineratu zuten Bilgune Feministako kideak.

«Heriotza azkenengoa da»

Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariak igande iluntzean Tolosan hilidako emakumearen bizilagunekin hitz egiteko aukera izan zuen. Hauek bikoteak askotan istiluak izaten zituela baieztatu zuten.

Tolosako hainbat herritarrek ere gaitzetsi egin zuten igandean gertatutakoa. Batzuek goizean goiz ezagutu zuten berria, irrati bidez gehienek.

Beste askok, ordea, ez zekiten ezer. «Heriotza azkenekoa» dela nabarmendu zuen gizon batek San Frantzisko pasealekuan, eta salatu egin zuen gertatutakoa.

Beste bi emakumek ere, erasoaren berria orduantxe ezagututa, «erabateko matxismoa» dela azpimarratu zuten: «Lehen urrutiko lekuetan gertatzen ziren horrelako gauzak. Orain begira, herrian bertan».

 

Erreakzioak

Emakunde

«Nazka eta gaitzespena sentitzen dugu, eta indarkeria mota hau emakumeei zuzendutako mehatxu tresna bat da, gaur egun indarrean dauden genero arauak aldatu ez ditzaten».

Bilgune Feminista

«Horrelako zenbat gehiago entzun, ikusi eta bizi behar ditugu? Euskal Herrian milaka emakumek bizi dute babesgabetasun hau. Eta horren ondorio larriena dira erailketa hauek. Egiturazko arazoa da, eta ondorioz, ez da nahikoa momentuko neurriekin erantzutea. Neurri eraginkorrak behar ditugu, prebentziozkoak, integralak, jendartean erasotzaile gehiago ez dela egongo bermatuko dutenak».

Josebe Iturrioz

Tolosako Udaleko Berdintasun teknikaria

«Denok dugun lehen sentipena ezintasunarena da; min eta amorrazio handia eman dit. Kasu honekin, arazoaren garrantziaz jabetu behar dugu, eta konpromiso irmo bat hartu, honen aurka lan egiteko. Indarkeria sexistari aurre egiteko, denok jabetu behar dugu arazoaz, eta aldaketak oso integrala izan behar du, egiturazkoa. Egiten direna baino gauza gehiago egin behar dira, eta guk ere, udal barruan, eragile gehiago mugiarazi behar ditugu. Hala ere, ez dago gure esku bakarrik; gizartearen erantzukizuna da, eta komunikabideena ere bai».

Berdinbide

«Lazgarria da matxismoak pauso erraldoiak aurrerantz ematea, atzera egin beharrean. Ikaragarria da gertatu dena, batez ere egin duenaren gaztetasunagatik. Erailketa gaitzetsi egin nahi dugu noski».

Eudel

«Tragedia honek berriro jartzen gaitu, bai erakundeak, bai herritarrak, egunez egun gure udalerrietan eta gizartearen osotasunean, berdintasuna eraginkor egiteko dugun erantzukizunaren eta larritasunaren aurrean».

Aralar

«Onartezina da XXI. mendeko gizarte batean era honetako eraso matxistak gertatzea. Benetako berdintasuna lortu nahi badugu, ezinbestean era honetako gertaera lazgarriak kondenatu behar ditugu, eta inolako salbuespenik gabe. Erakunde publikoetatik ahalegin berezia egin beharra dago, jada indarrean diren legeak betearazteko».

PSE-EE

«Indarkeria matxistak emakumezkoen duintasuna bortxatzen du, eta baita berdintasun eskubidea ere. Indarkeria matxistak dakarren demokrazia defizita onartezina da».

Arartekoa

«Genero indarkeriaren erauzteak erabateko lehentasuna izan behar du botere publikoentzat, eta gizarte osoak inplikatu behar du lan honetan».

Emakumeon Mundu Martxako plataforma

«Emakumeon aurkako indarkeria gizartean gertatzen den giza eskubideen urraketa larrienetakoa eta hedatuenetakoa da. Jendarteari eta emakume guztiei mobilizazioetan parte hartzeko deia egin nahi diegu».

Gipuzkoako Foru Aldundia

«Aldundiak bere gaitzespenik irmoena azaldu nahi du. Indarkeria matxistari modurik trinkoenean aurre egiteko Foru Aldundiaren konpromisoa eta asmo sendoa adierazi nahi dugu. Gipuzkoako gizonei egoera eta jokabide matxistak salatzeko jarrera aktiboa izan dezaten eskatzen diegu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!