Lehiberrik, Tolosaldeko Lehiakortasun eta Berrikuntzarako Foroak, antolatuta, eskualdeko enpresentzako nazioartekotzearen inguruko jardunaldia egin dute. Lehiberriko talde teknikoak eskualdeko enpresentzat «merkatu berriak aurkitzeak duen garrantzia» azpimarratu zuen, «beti ere, are eta lehiakorragoak izateko helburuarekin». Bestalde, azken bi urteetan burututako misio komertzialen aipamena egin zuten; horietan eskualdeko hainbat sektore eta tamainetako enpresek parte hartu zuten. Nazioartekotzea «benetako aukera bat bezala, behar bat bezala, eta ez mehatxu bat bezala» ikusteko gomendatu zien.
Jardunaldian parte hartu zuten Begoña Aldekogaraik, SPRIko Latinoamerikako arduradunak, eta baita SPRIk Mexiko, Brasil eta Kolonbian dituen ordezkaritzetako zuzendariek. Bestalde, Asteasuko Lanik enpresak Brasilen egindako salmenta baten berri eman zuten, orain arteko handiena enpresarentzat. Hain zuzen, 2014ko munduko futbol txapelketako Arena Pernambuco estadioaren tribunaren estalkiaren eraikuntza egiten ari da Lanik enpresa.
Udazkenean Brasilera eta Mexikora egingo diren merkataritza misioetan parte hartzera animatu zituen Lehiberrik jardunaldira joan ziren enpresei. Izena emateko epeak apirilaren 30ean, Mexikorako, eta maiatzaren 30ean, Brasilerako, amaituko dira.