Espainiako lan erreforma frankismo garaiaren amaieraz geroztik, «langile klasearen eskubideen aurka egindako eraso handiena» dela azaldu zuen pasa den ostiralean, Euskal Herria Sozialistak: «Burgesiak ez du inolako asmorik langile klasearen aurkako erasoaldia leuntzeko.
Erreforma honekin, langileak inolako babesik gabe geratuko dira, eta horrela errazagoa izango da enpresetan beldurra sartzea», nabarmendu zuen bozeramaleak. Bide beretik, Espainiako Gobernuak onartu berri duen erreformaren helburua, «enpresari handiek krisiaren erdian negozio handia egiten jarraitzea» dela salatu du Euskal Herria Sozialistak.
Egoera honen aurrean, «langile familien eskubideen aurkako erasoaldiak erantzuna izatea» beharrezkotzat jo zuten agerraldian. Jomuga hau aurrera eramateko bidean, ELA, LAB, CCOO, UGT eta CIG sindikatuek greba orokorra egun bererako deitzea «oso positiboa» izan dela azpimarratu du taldeak: «Ekintza batasuna, langileen gehiengoa erakartzen duena, oinarrizko arma da elkartuta dagoen etsaiari aurre egiteko».
Azkenik, kapitalismoa gizakiarentzat «mehatxua» dela aldarrikatu zuen EH Sozialistak, sistemak, «Europan ere XIX. mendeko lan eta bizi baldintzetara itzularaztea» nahi duela gaitzetsiz.
Lan erreformaren nahiz murrizketen aurkako aldarriekin amaitu zuten agerraldia, datorren martxoaren 29ko greba orokorrerako deia eginez.