Preso eta iheslarien etxeratzeari elkartasuna adierazteko helburuz, Herrira Eguna ospatuko dute larunbat honetan, martxoak 24, Tolosan. Goizetik hasiko dira jarduerak, eta besteak beste, manifestazioa, bertso bazkaria, kalejira, nahiz kontzertuak izango dira. Bazkarirako txartelak asteazkena baino lehen erosi beharko dituzte bertaratu nahi dutenek, honako tabernetan: Villabonako Iratzarren, Anoetako Itzulin, Ibarrako Subegin eta Tolosako Rakun.
Agerraldian, Tolosako Herrira mugimendua «herrian hutsik dauden aulkiak betetzeko» helburuz sortu dela azaldu zuten kideek. Bide horretan, helburu berarekin bat egiten duten herritarrei «espazio eraginkor bat eskaintzera» doazela nabarmendu dute. Horretarako, alde batetik, beren jomugekiko aldeko jarrera duten herritar nahiz eragileekin lan egin nahi du Tolosako Herrirak: «Batera lan egin nahi dugu, hauei entzunez, elkarlana bultzatuz, mugimendu parte-hartzaile eta zabala eratuz».
Bestalde, ordea, beren helburuen aurkako iritzi edo jarrera dutenenganaino ere iritsi nahi dutela azaldu dute: «Hauekin ere lan egin nahi dugu, hauen kontzientziak ukitu nahi ditugu, hauen jarrerak aldatu».
Lan taldeak helburuei begira
Herrira mugimenduak, desagertzeko helburua duela azaldu zuten Tolosako kideek: «Misio bat jarri diogu geure buruari, eta misio bakar horri lotuta lan egingo dugu». Horrela beraz, beren aurreikuspenak betetzean, Herrirak bere lana amaitutzat emango duela nabarmendu dute.
Pasa den urtarrilaren 7an Bilbon egindako manifestazioa, preso eta iheslariak etxeratzeko lanean «erreferentzia argia» izan zela diote: «Presoen gaia eztabaida politikoaren erdigunean kokatzeko baliagarria izateaz gain, gizartearen konpromisoaren erakusleiho izan da».
Egoera honen aurrean, Tolosari egokitutako antolaketa zehaztu dute Herrirako kideek: «Herri osoa bertan inplikatuta, lan talde berriak sortzeko asmoa dugu, ideia guztiak mahai gainean jarriz eta aurrera eginez». Horrela beraz, harreman taldea osatuko dute hasteko; herri osoaren inplikazioa bilatu beharko du lan talde honek, eta egitasmoan ahalik eta jende gehienak parte hartzeko sare moduko bat osatzea da euren nahia.
Bigaren taldea, berriz, elkartasun taldea izango da. Hilabeteroko azken ostirala indartu nahi dute honen bidez, eta preso eta iheslarien etxeratzea aldarrikatzen duten banderolak Tolosan barrena zabaltzea ere bai.
Bisitez arduratuko da mugimenduko kideek proposatu duten hirugarren taldea: «Helburuetako bat gure herriko presoei bisitan joateko jende berria bideratzea da». Azkenik, laugarren lan taldeak komunikazioa izango du betebehar nagusi, internet, prentsa eta bestelako baliabideen bidez, informazioa zabaltzeko.
Egitasmoan lanerako dinamika honen bidez parte hartu nahi duten herritarrentzat, deialdia egin du Tolosako Herriak, eta datorren apirilaren 18an, 18:30ean elkartuko dira horretarako, Antonio Maria Labaien kultur etxean.
Herrira Eguneko egitaraua
11:00. Banderolak erosteko aukera Trianguloa plazan.
12:00. Manifestazioa Trianguloa plazatik, Eskubide guztiekin euskal presoak eta iheslariak herrira lelopean.
14:00. Plaza Berrian bertso bazkaria, Xumai Murua eta Odei Barroso bertsolariekin.
18:00. Trikitilariekin kalejira Euskal Herria plazaraino. Bertan, Topic aretoan, Patxi Saiz abeslariaren saioa.
17:30. Trikipoteoa Alde Zaharrean barrena.
22:00. Kontzertuak Plaza Berrian, Desordutan, Glaukoma Sound System eta Laket taldeen eskutik.