Gernikako sinatzaileek Manu Azkarateren atxiloketa osteko egoera salatu dute

tolosa 2012ko martxoaren 10a

Ziburun asteazkenean izan zen Manu Azkarate tolosarraren atxiloketaren harira, Gernikako akordioa sinatu zuten taldeak egoera hau salatzeko elkartu dira. Bilgune Feminista, Esait, EHNE, LAB, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzalea, Manu Azkarateren lagun, senide eta beste eragile batzuekin batera izan dira.

Euskal Herrian hamarkada luzeetan pairatu izan den gatazka politikoak, aro berri bati eman diola bidea adierazi dute bertaratutakoek. "Bide honetan, Aieteko bake konferentziak alboratu ezineko oinarria edo ibilbide orria marraztu du. Gatazkaren ondorioei eta erroei modu egokian eta demokratikoan erantzun ahal izateko, ibilbide orri honek, herri honen gehiengoaren babesa berekin du", nabarmendu dute.

"Estatu Espainiarrekiko eta Frantziako gobernuek, ezin dute denbora gehiago iraun Aieteko ondorioei erantzun gabe. Salbuespeneko legedi zein jokabideekin jarraitu ezin duten bezala", diote.

Gernikako sinatzaileek, eskualdeko kideekin batera: "atxiloketa gehiagorik ez. Manu Azkarate, preso ohia, gaixotasun larria duena, mendeku politiken protagonista dugu egun. Herri honetan ez dugu horrelakorik onartzen, eta bi estatuei iraganeko errezetak utzi eta zabaldu den egoera berriari arduratsu erantzutea exijitzen diegu", esan dute.

Amaitzeko, gogora ekarri dute, Manu Azkarate tolosarrak, datorren asteartean, hilak 13, konparezentzia izango duela epailearen aurrean, Pauen. Euroagindu eskaeraren aurrean gerta daitekeena salatu nahi dute, eta elkartasuna adierazi asmoz, mobilizaziora deitu dute. Asteartea, hilak 13, 20:00etan Tolosako Trianguloa plazan elkartuko dira, "Konponbide garaia da. Manu etxera" lelopean.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!