Herrira mugimenduak ekimen irekia eta parte hartzailea izan nahi du

tolosa 2012ko mar. 9a, 11:05

Herrira mugimendua aurkeztu berri dute Tolosako kultur etxean. Egoitz Luisa anoetarrak eta Nagore Garcia ekimeneko kideek sorrera, helburu eta asmoak azaldu zituzten.

«Herritarrek sortzen duten mugimendu bat da, eta herritarren konpromisotik garatu eta mamituko da». Bilgune zabala izan nahi du, «irekia eta parte hartzailea». Herrira irekita dagoela, eta ekarpenak jasotzeko prest daudela adierazi zuten: «Guztion lanarekin lortuko dugu euskal preso eta iheslariak etxera ekartzea». Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko defentsan euskal jendartea aktibatzeko helburuarekin, iazko apirilean Egin Dezagun Bidea ekimena jarri zen martxan. Filosofia bererarekin,  Herriratik bide bat jorratzen hasiko dira.

Gogora ekarri zuten urteetan, hau da, euskal preso eta iheslariak dauden momentutik beraien eskubideen aldeko «lan emankor eta oparoa» beti egon dela Euskal Herrian. Urte guzti horietan, «norbanako, elkarte edo mugimenduek» egin dute lan. Herrira ekimena lan hori ordezkatzera ez datorrela nabarmendu zuten. Azken bi urteetan, aukera berriak ireki dira, eta egoera politikoak ekarri duen testuinguru berrian sortu da mugimendua.

22 preso eta iheslariak

Bideo emanaldi batean jaso zuten eskualdeko egoera. Iheslariez gain, hogeita bi preso ditu Tolosaldeak. Kopurua ikusita Herrira ekimenak eskualdean berebiziko garrantzia hartzen duela eta egin beharreko lanak nabarmendu ziztuzten. Peio Odriozolaren kasua aipatu zuten, «garrantzi handia du bera bizitzen ari den egoerak, eta salbuespen egoera horiekin amaitu egin behar dugu», esan zuten.

Horretarako, gero eta jende gehiago biltzea beharrezkoa dela zioten, eta «gero eta herri gehiagotan ari gara egiten, baina azken ostiralak indartu behar ditugu». Eskualdean hainbat bilgune sortu dira, eta gehiagotara iristea dute helburu.

Ibarran eta Zizurkilen

Bihar, 11:00etan, Zizurkilgo Herrira mugimenduaren aurkezpena egingo dute, Zizurkil Goran. Asteartean, berriz, hilak 13, 19:00etan   Ibarrako Herrira mugimenduaren aurkezpena burutuko da, kultur etxean.

Eskualdeko herri edo norbanakoren batek ekimeneko kideekin harremanetan jarri nahiko balu, herrira_tolosaldea@hotmail.com helbide elektronikora idaztea nahikoa izango du. Bukatzeko, maiatzaren 19an egingo den Goazen Plazara ekimena prestatzen eta indartzen hasi behar dela nabarmendu zuten, «plaza guztiak jendez bete behar ditugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!