Ioseba Rojo tolosarrak iraupen eskiko Espainiako txapelketako sprint eta distantzia luzeko probetan bigarren postuak eskuratu ditu. Otsaileko azken asteburuan, Benasquen jokatu ziren, eta bi probetan Ioseba Rojok oso emaitza onak lortu zituen. Bere anaia Imanol Rojo, berriz, laugarren postuan sailkatu zen.
Biak Espainiako selekzioko partaideak dira, baina aurten diru kontuak larri daudela eta, Espainiako federazioak Europako probetan parte hartzeko aukera gutxi eskaini dizkie.
Hala ere, otsailaren 12an, beraien poltsikotik ordainduz, Frantziako Transjurasienne proba luzea korritu zuten, baldintza oso gogorretan. 76 kilometrotako proba izugarrizko hotzarekin egin behar izan zuten. Imanol Rojo, 22. postuan sailkatu zen, eta Ioseba Rojok, berriz, 48. postua lortu zuen.
Otsailaren 18an, FIS mailako proba izan zen Puigcerdan eta Ioseba Rojo izan zen irabazlea eta bigarren postua Imanol anaiarentzat izan zen. Bidaia luzea egin ostean, Imanol Rojo, igandean, Somporten azaldu zen Peña Guara lasterketan parte hartzeko. Garaipena eskuratuta etxeratu zen.
Joan den asteburuan, hilaren 4ean, Sonporten, Trace Aspoise proba jokatu zen. 29 kilometro egin behar izan zituzten, eta sailkapen bera errepikatu zuten: Ioseba irabazlea izan zen eta Imanol bigarrena. Baptiste Cazaux eskiatzaile frantziar iaioari aurrea hartu zioten.
Inguruan jokatu diren probetan beraien eskiatzeko modu dotoreaz gozatzeko aukera izan da.
Beterano eta gazteak
Beteranoen mailan, Lourdes Irazustak lortutako garaipenak, eta Txiki Plazas eta Peio Gorostegik lehiarako erakusten duten grina nabarmendu nahi dituzte Alpino Uzturre elkartetik.
Gaztetxoenetan, berriz, Mikel Plazas eskola arteko Gipuzkoako Txapelketa irabazi berri du. Alpino Uzturre elkartetik «zorionak» eman nahi izan dizkie kirolari guztiei.