Hainbat abantaila eskainiko ditu Topic zentroak, lagunen klubeko txartel berriarekin

tolosa 2012ko otsailaren 29a

Aurrerantzean, Topic zentroaz gozatu nahi duen edonork abantailak izango ditu, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak sortu berri duen Zentroaren Lagunen Klubeko txartelarekin. Topic eta Tolosako Ekinbide Etxeko arduradunek azaldu dutenez, «eramaleari abantaila handiak ekarriko dizkio» zentroak sortu duen txartel berriak.

Lehenik eta behin, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroarekin etengabeko harremana izateko aukera eskainiko diete txartelaren jabeei, eta zentroak antolatzen dituen jardueretan lehentasuna eta deskontuak izango dituztela diote. Prezio hobeak Gaur egun, Topic zentrora sartu nahi duten guztiek sarrera eskuratu behar izaten dute. Topic zentroaren lagunen klubeko txartelarekin, ordea, museoan doan sartu ahal izango dira erabiltzaileak: «Modu honetara, noiznahi bisitatu ahal izango dute mundu osoko 1.500 pieza inguruko ondarearen zati bat».

Bide beretik, zentroak hiru hilabetez behin aldatzen dituen erakusketen inaugurazioetarako gonbidapenak ere jasoko dituzte txartel berriaren jabeek. Arduradunen ustez, «horrela txotxongiloari buruz duten ikuspegia berritu ahal izango dute erabiltzaileek, hilabete gutxian behin». Topic-en lagunen zentroko txartelak, ordea, museoaz kanpoko jardueretarako ere erraztasunak eta abantailak eskaintzea du helburu. Horrela, Tolosako Ekinbide Etxeak antolatzen dituen ikuskizunetan prezio murriztuak izango dituzte zentroaren txartela dutenek; era berean, Topic zentroko tailer guztietan, nahiz Tolosako Ekinbide Etxeak antolatutakoetan, %20ko beherapena egingo diete. Azkenik, txartelaren jabeek %10eko beherapena izango dute Topic zentroko dendan, eta beste %10eko beherapena zentroak egin daitezkeen urtebetetze ospakizunetan ere. Aipatutakoaz gain, txartela eskuratzen dutenek sarrerak erosteko epe bereziaz gozatu ahal izango dute, eta unean-uneko informazioa posta elektroniko bidez jasoko dute, gainera. Zentroko arduradunak, ordea, Tolosatik harago begira ere jarri dira, eta zentroko lagunen klubeko txartelarekin, Donostiako Aquariuma bisitatzea, nahiz hango dendan erosketak egitea, %10 merkeagoa izango da Txartela egiteko hiru modu Topic zentroko lagunen klubeko txartela egiteko, hiru bide aukera ditzakete erabiltzaileek. Batetik, cit@cittolosa.com helbide elektronikora mezua bidalita egin daiteke harpidetza. Posta arruntaren bidez ere, eskura daiteke txartela, honako helbidera idatzita: Euskal Herria plaza, 1 20400 Tolosa.

Azkenik, Topic zentroaren web orrian ere txartela lortzeko aukera bada, www.topictolosa.com-en. Txartel berriaren inguruan informazio gehiago eskuratu nahi duen edonork, 943 65 04 14 telefono zenbakira dei egin dezake. Txotxongiloen Topic zentroko txartelaren jabeek, urtean 5 euro ordaindu beharko dute haurrak izanez gero; eta helduek, berriz, urtean 10 euroko kuota izango dute. Familia ugarien kasuan, haurrek 3 euroko kuota izango dute, eta helduek 5 eurokoa. ‘Gelede mask’ erakusketa Datorren larunbatean, Gelede mask izeneko erakusketa inauguratuko dute Topic zentroan, eta ekainaren 10era bitarte ikusgai izango da 2012. urteko lehen erakusketa. Nigeriako eta Beningo (Afrika) maskara berezi batzuen bilduma pribatua da. Maskarek gainera panpina artikulatuak dituzte, eta zenbait zeremoniatan erabiltzen dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!