Jende ugari gerturatu zen atzo goizean Trianguloa plazara I. Txakurkrosa ikustera. Guztira 80 bat kirolarik hartu zuten parte beren txakurrekin batera bi probatan banatuta: Txakurkros zirkuiturako puntuagarria den lasterketa nagusia, eta herri mailako lasterketa. Lasterketa nagusiak 10 kilometro inguru zituen, eta Zumaiako Pedro Etxeberria eta Zura txakurra izan ziren helmugaratzen lehenak, atzetik Zumaiako Mikel Etxeberria eta Gandalf sartu ziren. Hirugarrena Arratzuko Iskander Rodriguez eta Koni txakurra izan ziren. Proba honetan guztira, 57 partaidek eman zuten izena.
Herri mailako proban aldiz, 19 pertsona eta txakurrek hartu zuten parte, eta Iñigo Cordal eta Ortzi izan ziren lehenengoak, Eder Perez eta Bender bigarrena, eta Ion Perez eta bere txakurra hirugarrena. Lehen emakumezkoa Zestoako Vanessa Ugarte eta Txapi izan zen, bigarrena Zizurkilgo Itziar Lekuona eta Bimbo, eta hirugarrena, Donostiako Leire Zarraoa eta Sisha. Herri mailako lasterketa honek 4,5 bat kilometro zituen.