Vanessa Alzate, Inauterizalea
Vanessa Alzate (Ibarra, 1981) urtero mozorrotzen da. 18 urte bete arte Kazkabarra aisialdi taldearekin ateratzen zen Astelenitan, eta oraindik ere aisialdi taldeak ikusten dituenean inbidia pixka bat ematen diola aitortzen du.
Nola bizitzen dituzu inauterien aurreko egunak?
Urduri egoten naiz. Nahiz eta jakin zertaz aterako naizen azken momentura arte ez dut mozorroa erabat bukatzen, beti uzten dut zerbait bezperarako, eta azkenean urduri egoten naiz.
Karroza edo konpartsaren batean ateratzen zara?
Ez. 18 urterarte Kazkabarra aisialdi taldearekin ateratzen nintzen Astelenitan, baina orain ez. Kuadrillakoekin ateratzen naiz mozorrotuta Zaldunita eta Asteartitan, eta egia esan, aisialdi taldekoak ikusten ditudanean inbidia pixka bat ere ematen dit. Astelenitak oso egun beteak izaten dira.
Astelenita da hortaz, gehien gustatzen zaizun eguna?
Asko gustatzen zait astelehena. Nahiz eta ez atera aisialdi taldeekin, oso egun aktiboa dela iruditzen zait, eta oso gustura ikusten ditut aisialdi taldeen dantzak. Igandea ere gustatzen zait, baina ez zait horren aktiboa iruditzen, ikusteko da gehiago. Igandea, hala ere, oso egun zoroa da.
Eta Asteartita?
Egun tristea da. Goizean ez, goizean egun osoa duzu aurretik eta ahaztu egiten zara, ez zaizu iruditzen inauteriak bukatuko direnik, baina arratsaldeko zortzietarako nostalgia puntua sartzen zaigu beti.
Egunero ateratzen zara?
Ostegun Gizenetik hasi eta Asteartita arte ateratzen naiz, egunero, baina ez dut beti parranda egiten.
Zertaz mozorrotu zara aurten?
Igandean Ingalaterrako Ascot zaldi karrerak ikustera joaten diren emakumeetaz atera ginen, pamelak eta guzti, astelehenean sevillanaz atera nintzen, eta gaur, teletiendako saltzailez; sabela indartzeko makina saltzen saiatuko naiz.
Inauteri hauetan ikusi al duzu atentzioa eman dizun mozorrorik?
Oraintxe ikusi dudana! Tipo bat prozesioz zihoan, bera ama birjina zen, eta inguruan lepakariak zeramatzan. Asko gustatu zait.
Eta ba al duzu mozorro kuttunik?
Kazkabarran atera nintzen lehen urtean pailazoz atera ginen, ez zen mozorro berezia, baina lehen urtea izateagatik edo, oso oroimen ona dut.
Zer esango zenioke Tolosako inauteriak ezagutzen ez dituen bati? Nola gonbidatuko zenuke?
Egun hauek oso bereziak direla, eta etortzeko ondo pasatzera Tolosara. Mozorrotu eta kalera ateratzeko esango nioke, jaia kalean dagoela, inauteriak jendeak egiten dituela. Inauteriak jai oso bereziak dira, eta merezi du etortzea.
Tragoxka batean
Egunik onena. Astelenita, zalantza gabe.
Inauterietako une bat. Zezenetatik atera eta txarangaren atzetik saltoka joatea.
Abesti bat. Isabelita.
Eguna ala gaua. Eguna, baina arratsalde partean, iluntzean.