Jon Iraola: «Egunez gauez baino gehiago gustatzen zaizkit»

tolosa 2012ko otsailaren 20a

Jon Iraola (Ibarra, 1980) oso ezaguna da. Pantaila txikiaren beste aldean, mozorrotu eta antzerkia egiten du. Inauterizalea dela onartu du, eta egunero saiatuko da kalera atera eta inauteriez gozatzen.

Nola bizitzen dituzu Tolosako inauteriak? Txikitatik bizi ditut. Nik uste dut, Tolosa inguruan bizi garen guztiok bizitzen ditugula txiki txikitatik, eta barru-barrura sartzen zaizkigula. Niri asko gustatzen zaizkit, asko.

Inauterietako egunik onena? Ostegun Gizena asko gustatzen zait. Lehen eguna da, eta jendea gogoarekin egoten da. Gero igandea gustatzen zait gehiena, eta astelehena ere gustuko dut. Tira, egia esan, egun guztiak ditut gustuko. Egun guztiek dute bereizgarriren bat: igandean karrozak ateratzen dira, eta jada inauterietan benetan sartzen zara. Astelehenean, urtero, kuadrilako bi edo hirurekin prestatzen dut mozorroa. Eta asteartea ere gustatzen zait, azken eguna denez, aprobetxatu egin behar delako.

Posible izanez gero, egunero ateratzen saiatzen zaren horietakoa zara? Bai. Egunero saiatzen naiz ateratzen baina inauteriak gehiago gustatzen zaizkit egunez gauez baino.

Zure lana dela eta, egunerokotasunean ia mozorrotuta ibiltzen zara. Egun hauetan mozorrotzeko gogorik geratzen zaizu? Noski baietz. Lanagatik, nahiz eta orain hainbeste ez izan, egunean hiru aldiz aldatzen nintzen. Baina inauterietan berdin-berdin gustura mozorrotzen naiz.

Mozorroak aldez aurretik prest izaten dituzu ala azken momentuan ibiltzen zara? Normalean prestatuak izaten ditut. Igandean kuadrilakoak konpartsarekin ateratzen gara mozorrotuta, eta aldez aurretik prestatua izaten dugu, eta astelehenekoa ere bai. Astearteko eguna izaten da inprobisatzeko eguna. Igandean ateratako arropa garbi egonez gero igandekoarekin, eta bestela armairura joan eta zer edo zer janztea izaten da.

Noiz hasten zarete mozorroak prestatzen? Gabonak iristen dira, eta orduan hasten gara hasi beharko dugula pentsatzen elkarri esanez. Ideiak bota eta data tope bat jartzen dugu. Behin inauteriak pasata, hurrengo urterako zer pentsatzen jartzen zara, baina azkenean ahaztu egiten zait, berriz inauteriak gerturatu arte.

Mozorro bat aukeratzekotan, zein? Ez nuke bat aukeratuko. Mozorro bakoitzak dauka bere istoria. Ez da bakarrik mozorrotzea, baizik eta mozorro bakoitzak inguruan sortzen duen giroa. Zuri ez zaizu asko kostako paperean sartzea. Hori da. Paperean sartzen bazara mozorro bakoitzak du bere bereizgarria. Mozorro guztiak ezberdinak dira, eta horregatik ez nuke bat aukeratuko. Hala ere, maskara duten mozorroak gustatzen zaizkit, jendeak ez ezagutzeak ere bere jokoa du.

Zuk egin duzun pertsonaiaren batez mozorrotutako jendearekin pasadizoren bat edo izan duzu? Bai tokatu izan zait, adibidez putakumiaz jantzita daudenekin topo egitea. Baina jendearekin ongi, gerturatzen zaizkizu eta argazkiren bat atera eta listo. Pasadizo berezirik ez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!