Urteko egunik berezienetakoa izan ohi da biharkoa aisialdi taldeko kideentzat. Euren ikuskizuna eskaintzen dute kaleetan, elkarrekin bazkaldu, eta zezen festara joaten dira, eta arratsaldean emanaldiarekin jarraitzen dute. Egun betea, gaztetxoek nahiz helduek primeran pasatzen dutena.
Aisialdi taldeetako begiraleek astelenitako gaia erabakitzen dute lehendabizi, eta ondoren gai horrekin ondo doazen musika aukeratu eta dantza diseinatzen dute. Ondoren, hori guztia praktikan jartzeko txanda izaten da, taldeetako kide guztiak dantzan jarriz.
Urte berriarekin batera-edo hasi ohi dira entseguekin. Hauek, normalean, larunbatetan egiten dituzte taldeetako egoitzan edota kiroldegi edo plazetan. Kide ugarik osatzen dituzte taldeak, eta adinez, berriz, bost urtetik gorako haurretatik hasi eta gurasoetara bitartekoak izan ohi dira. Beraz, pausoz pauso, gutxinaka gutxinaka, ikasten dituzte dantzak, partaide guztien dantzarako trebezia ez baita maila berekoa.
Behin dantza hasieratik bukaeraraino ederki ikasita dagoenean, Astelenita goizeko entsegu orokorra baino ez da geratzen. Hori egin, eta guztiak prest dira San Frantziskoko eskenatokian euren lana estreinatzeko. Jendetza izango dute bertan zain.
11:00ak ingururako dantzan izango dira aisialdi taldeetako kideak, ibilbidea bi taldetan banatuta egingo dutelarik. Hiru talde San Frantzisko kalearen hasieratik, hau da, tren geltokira doan bidegurutzearen paretik abiatuko dira, eta beste hirurak, berriz, Rondilla kalearen bukaeratik. Ikuskizuna bazkaltzera joan bitarte eskainiko dute, eta baita zezen festaren ostean ere.
Kirikiñoren 25 urteak
Era guztietako dantzak eta mozorroak ikusi ahalko dira bihar. Aisialdi taldeetan bada aurten nabarmentzeko bat, Kirikiño, hain zuzen. Euren 25. urteurrena dela eta, azken urteetan erabili dituzten mozorroak gogoratzeko aukera izango da, Willi Fog, Kirikiño munduari bira ikuskizunean.
Aisialdi taldeak
San Bernardo
Gaia. Mexikarrez jantzita irtengo dira dantzara. Hainbat pertsonaia irudikatuko dituzte: gizonezko zein emakumezko mexikarrak, mariachiak eta kaktusak.
Kopurua. 100 lagunetik gora.
Adina. 6-7 urtetik gorakoak.
Txiribitu
Gaia. Jackson 5. Musika taldea osatzen zuten bost anaiez mozorroturik dantzatuko dute.
Kopurua. 84 lagun.
Adina. 10 urtetik gora, gurasoak eta begiraleak barne.
Ttenttek
Gaia. Cro Magnon gizon-emakumeez aterako dira, lau taldetan banatuta: haurrak Cro Magnon txikiz, helduagoak Cro Magnon gizon eta emakumeez, eta helduenek Cro Magnon jakintsu edo aztiz dantzatuko dute.
Kopurua. 140 lagun.
Adina. 5 urtetik gora, gurasoak eta begiraleak barne.
Kirikiño
Gaia. Willi Fog kirikiñoko munduari bira. Aisialdi taldearen 25. urteurrena dela eta, Kirikiñoko munduari bira emango diote, eta azken urteetako inauterietan jantzi dituzten hainbat mozorro ikusi ahalko dira.
Kopurua. 280 lagun.
Adina. 10 urtetik gorako kideak.
Kazkabarra
Gaia. Irrien Lagunak: Mari Mototx, Pirritx eta Porrotx. Bi dantza desberdin egingo dituzte, txikiek batetik, eta helduek bestetik, eta azkenean, guztiek batera elkarrekin dantzatuko dute.
Kopurua. 430 lagun.
Adina. 8 urtetik gorakoak.
Atsedena
Gaia. Lacasitoz eta Congitoz mozorrotuta dantzatuko dute.
Kopurua. Aurten, inoiz baino lagun gehiagok osatuko du Atsedenako ikuskizuna, 140 lagun inguruk, hain zuzen.
Adina. 8 urtetik aurrerako kideak.