Preso eta iheslarien eskubideen alde txotx egiteko aukera, Lapurdin

Tolosaldeko Ataria 2012ko ots. 18a, 04:25

Euskal preso eta iheslariak inauterietan presente daude. Lehen egunetik azken egunera, jaiaren parte izango dira gainera, eurei elkartasuna eta laguntza bideratzeko, Lapurdi plazan sagardotegia jarri baitute. Euren eskubideen alde txotx egitea, ohitura bilakatu da, aurtengoa inauterietako sagardotegi alternatiboaren XIII. urteurrena izango baita.

Sagardotegiko menua, Isastegiko sagardoa, ardoa, poltsikora neurtutako prezio bereziak... Belate auzoan dagoen plazan, jaia berotzen hasteko aukera bikaina eskaintzen du elkartasun sagardotegiak.

Urtez urte, sendotzen

Testua lehen pAntolaketa lanekin duela hilabete inguru hasi ziren Herrira ekimeneko kideak. Muntaiarekin azken aste honetan hasi dira. Auzolana da beraien lan eredua, eta horretarako eskualdeko hainbat herriri laguntza eskatzen diote, batez ere, inauterietan turnoak egiteko. Gauzak horrela, guztira 120 lagun inguru jartzen ditu lanean inauterietako sagardotegiak: zazpi txanda, 15 lagun turno bakoitzeko, antolaketa lanak... «Tolosarrok sagardotegiaz gain, beste hainbat lan izaten ditugu inauterietan, eta horregatik, eskualdean laguntza eskatzen dugu. Urtero moduan, Ibarra, Zizurkil, Elduain, Leaburu, Ikaztegieta eta abarretik hainbat jende etortzen da esku bat botatzera», azaldu dute Tolosako Herrirako kideek.

Karpa batean, txikian, sukaldea jartzen dute, parrilla eta guzti. Bigarren karpan, handian, jangela egokitzen dute: 200 lagunentzat egoten da lekua bertan, gutxi gora behera.

Ostegun Gizenetik Asteartitara ateak zabalik izaten ditu preso eta iheslarien eskubideen aldeko sagardotegiak. Egunero afariak ematen dituzte, eta Zaldunitan bazkaltzeko aukera ere izaten da. Antolatzaileen esanetan, «jende gehiena orduan izaten dugu, igandeko bazkarian. Jangela gainezka egoten da, eta bazkariak bi txandatan egiten ditugu. Ondorioz, 300 edo 400 lagunentzat aritzen gara lanean». Gainontzeko egunak aztertzen hasita, igandearekin batera, astelehena eta asteartea azpimarratzen dituzte: «Azken urteetan larunbata beheraka doa, baina Asteartita, inauterien azken eguna izateko oso ongi egoten da».

Hamahiru urte hauen balantzea egiterako garaian, oso gustura agertzen dira antolatzaileak: «Abastosen hasi ginen, eta urtez urte jaiaren parte izaten bukatu du preso eta iheslarien aldeko sagardotegiak. Zerbitzu bat ematen du, elkartasunak mugitzen duen zerbitzu alternatiboa. Azken urteetan Lapurdiko plazara mugitu gara, eta hemen kezkak izan genituen, hotzarekin eta abar. Iaz giro ona egin zuenez, oso ondo joan zen. Aurten, erronketako bat hori izango da: berogailu sistemarekin ea giroa goxatzen dugun ikustea». Oraingoz, eguraldia ez da azken asteetan bezain gogorra, eta horrek ere berogailuei dezente lagunduko die.

Sagardotegian lortzen den dirua, euskal presoentzat bideratzen dute: «Espetxeko gastuez gain, bidaiak, abokatuak eta abar daude. Elkartasuna azaltzeaz gain, beraz, gastu horiek ordaintzeko erabiltzen dira hemengo irabazi guztiak. Horregatik, jakinda zertarako den dirua, herritar guztiei hona gerturatzeko eskatzen diegu. Esan beharra daukagu gainera, urte guzti hauetan ez dela inongo kexarik izan, ez janarekin eta ezta edariekin ere. Prezioa, aldiz, ez dugu igo azken lau urteetan, eta garaiak nola dauden ikusita, ekonomikoa dela uste dugu».

Sukaldarien inguruan, urtero antzeko aurpegiak ikusten dira inauterietako sagardotegian. Urtez urte, parrillaren aurrean ikasten joan dira, eta zaletasunari esperientzia gehitu behar zaio. Haientzat ere esker oneko hitzak izan dituzte antolatzaileek.

Herrirako kideak tolosarrak izanik, jaiez gozatzeko tartea ere bilatzen dutela onartzen dute: «Azken finean, txandak lau edo bost ordukoak izaten dira. Ondorioz, familiarekin eta lagunekin, edo parrandan ibiltzeko tartea bilatu eta aurkitzen dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!