Lagun koadrila batek Ostegun Gizen egunari piper eta gatza gehiago jarri nahi dio. Horretarako, On Ostegun Gizen pertsonaiaren konpartsa osatu dute. Inaki Moyua konpartsako kideak ideia nola sortu zen azaldu du: "Orain urte gutxi estreinatu zen pertsonaia eta orain osatu egin nahi dugu. Inauteriei beste zerbait gehitu nahi diogu, zerbait berria eta ezberdina".
50 lagun inguru elkartuko dira konpartsan, haur, gazte eta helduz osatutakoa. Karroza bat izango dute, txerrimobil izenekoa, eta inguruan hainbat pertsonaia izango dira: txerri hiltzailea, urdaiazpiko moztailea, txorizo egileak, txerrileaders-ak, eta txorizo erraldoi eta hegalari bat ere izango dute, inguruan harakinekin."Herri giroko zerbait egin nahi dugu, eta horregatik adin guztietakoak izango dira", esan du Moyuak.
Giroa musikatzeko konpartsak bere txaranga izango du. Ez dute, baina, Ostegun Gizeneko doinua joko. "Koldo Tarragonak bi abesti sortu ditu, habanera bat eta kalejira bat. Pakito Segurak habanerarentzako hitzak idatzi ditu. Ostegun Gizen egunari eta pertsonaiari buruzkoak dira", dio Moyuak. "Asko eskertzen diegu egin dutena". Abesti horiek joz eta abestuz egingo dute Alde Zaharrean zehar kalejira.