Beharrezkoa da krisian dauden eskualdeko lantoki guztiak, gehiagora egingo duen mobilizazio egutegi batean elkartzea!
Lizartzako Manipulados del Araxesek lan asko eta irabazi handiak izan ditu aurreko urteetan, baina irabazi horiek ez ziren bertako langileon artean banatu. Baina krisia hasi ondoren, urtebete eta hiru hilabete iraun duen lan erregulazio txostena ezarri ziguten langileoi. Orain, berriz, 14 langiletik 5 kaleratzea eta gainontzeko langileek lan erregulazio txostenean jarraitzea nahi du enpresak.
Lanpostu guztiak mantentzea eta langileen lan baldintzak bermatzea eskatzen diogu Manipulados del Araxes enpresari. Zuzendaritzak bideragarritasun arazoak dituela argudiatzen du. Horregatik, liburu kontuen irekiera eskatzen diogu.
Enpresak esaten duena egia bada, administrazio erakundeei langileen kontrolpeko enpresaren nazionalizazioa eskatzen diegu. Gutxiengo baten onerako bankuak salbatzeko erabiltzen duten diru publikoa, lanpostuak salbatzeko erabili behar dela uste dugulako.
Lan erregulazio txostenek, kaleratzeek eta enpresa itxierek jarraitu egiten dute Euskal Herrian.
Mundu osoan gertatzen ari den egoera hau, agerian uzten ari da kapitalismoa ez dela gai sistema bezala paper aurrerakoi bat jokatzeko gizartean. Eta are gutxiago, lanpostuak mantentzeko edo sortzeko eta gizarte osoarentzat bizimodu duin bat bermatzeko. Errealitate benetan gogorra ikusten ari gara, eta Tolosaldea ere ez da libratzen.
Manipulados del Araxes bezala, beste enpresa asko daude eskualdean horrelako arazoekin. Tolosaldean, langileok ezin diegu uko egin iraganean hainbeste esfortzurekin eskuratutako konkistei. Noski, patronalak eta enpresariek beren irabaziak mantentzearren ahal dituzten neurri guztiak ezartzen jarraituko dute, eta fabrika bakoitzean langileak engainatzen, desmoralizatzen eta zatikatzen saiatuko dira.
Dudarik gabe, edozein borrokatan, lankideen batasuna, batzarrak eta eztabaida demokratikoa langileen garaipenerako gakoa dira, baina funtsezkoa da borrokak elkartzea eta orokortzea ere.
Manipulados del Araxeseko langileen aliatu nagusiak Tolosaldeko gainontzeko langileak zarete. Manipuladoseko langileon borroka indartzeko modu onena, arazoak dituzten enpresetako langileekin borroka plan bateratu bat antolatzea da. Beharrezkoa da Manipuladoseko borroka, orain kaleratze, lan erregulazio txostena edo itxiera mehatxuekin dauden enpresekin uztartzea.
Enpresetako eraso guztiei aurre egiteko modu onena, gatazkan dauden edo arazoak dituzten enpresetako borrokak koordinatzea eta bateratzea da. Oso zaila da lanpostuak enpresaz enpresa defendatzea.
Arazo berdinen aurrean, langileon indarra biderkatu egiten da mobilizazio bateratu eta koordinatuekin. Hau da bidea, langile klasearen borroka antolatu eta koordinatua. Batasuna da Tolosaldeko langileen eta beren familien aurka antolatzen ari diren eraso guztiak atzera botatzeko modu onena. Horregatik beharrezkoa da krisian dauden eskualdeko lantoki guztiak gehiagora joango den mobilizazio egutegi batean elkartzera.
Era berean, dei egiten diegu sindikatu, ezkerreko erakunde eta langile guztiei, oro har, Tolosaldean antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko.
Manu Odriozola. Manipulados Araxex lantokiko langilea eta Euskal Herria Sozialistako kidea.