Antxon Bandres omenduko du Andia kultur elkarteak aurtengo alardean

tolosa 2012ko otsailaren 8a

Andia kultur elkarteak bigarrenez antolatuko du aurten, gudu napoleonikoak gogora ekarriko dituen Tolosako alardea, eta berrikuntzez gain, Antxon Bandresi omenaldia egiteko probestuko dute eguna.

Iaz izan zen bezala, aurten ere ekaineko bigarren asterako aurreikusi dute gudu napoleonikoa antzeztea. 1813ko ekainaren 25ean Tolosan izan zen bataila bat gogora ekartzeko helburuz antolatu zuen Andiak iaz lehen alardea. Hainbat lagun soldaduz jantzi, eta herriko kaleetan barrena desfilea osatu zuten, Tolosako Musika Banda lagun zutela. Gudua bera, berriz, Nafarroako zubian antzeztu zuten, musika bandak Beethoven-en La batalla de Vitoria obra eskaini zuen bitartean.

Aurten, egitarau bertsua jarraituko du Andia kultur elkartearen ospakizunak; alardean berrikuntzak ere izango dira, ordea. Besteak beste, garaiko anbulantzia eta osasun zerbitzuek parte hartuko dute Nafarroako zubiko antzerkian. Era berean, Napoleon garaiko tropen kanpamentu bat ere berreraikiko dute Trianguloa plazan. Berrikuntzen gainetik, ordea, Andia kultur elkarteko antolatzaileek 2011n zendu zen Antxon Bandresi omenaldia egingo diote alardearen egunean: «Aurtengo alardea gure lagun eta kidea zen Antxon Bandresen omenez egingo dugu, eta bere irudia gure ekitaldi guztietan nagusituko da».

Tolosako II. alardeaz gain, ordea, 2012an garai napoleonikoari bestelako keinu bat ere egin nahi izan dio Andia kultur elkarte tolosarrak, eta maiatzerako senidetze bazkari napoleonikoak  antolatu dituzte. Lehenengo bazkaria maiatzeko asteburu batean izango da: «Gure ideia herriko sukaldarien gaitasuna, gure iragan historikoarekin nahiz inauterizaletasunarekin uztartzea da. Finean, azken helburua Tolosa turistikoki erakargarriago egiteko zerbait gehiago antolatzea da».

Nafarroako konkistaz

Nafarroako konkistaren 500. urteurrena dela eta, Andia kultur elkarteak hitzaldi ziklo bat egitea proposatu zion Tolosako Udalari.

Kultur elkarteak aurkeztutakoa herriko beste hainbat eragilerekin batera egingo duten ospakizunaren barruan sartu du udalak, aldaketa batzuekin. Horrela beraz, konpartsak, dantzariak, dultzaineroak, azoka, hitzaldiak eta beste hainbat jarduera izango dira maiatzean, Nafarroako konkistaren inguruan.

Andiak hiru hitzaldi antolatu ditu, baina honekin batera, beste hainbat hitzaldi ere izango dira: La guerra de Navarra, Peio Monteano Sorbet-en eskutik; Los castillos de Mendikute y Ausa, Iñaki Padillak eskainiko du; Jose Antonio Recondok eta Victor Herrerok Gipuzkoa en la conquista de Navarra hitzaldia eskainiko dute; La conquista de Navarra desde la perspectiva política de hoy mahai inguruan Nabarraldeko Floren Aoizek, Vicente Serranok eta Joseba Asironek parte hartuko dute; Xosé Estevezek eta Jose Luis Orellak Navarra y sus relaciones con Castilla y la Santa Sede izango dute hizketagai, eta azkenik, Aranzadi zientzia elkarteko Juantxo Agirre Mauleonek Amaiur hitzaldia eskainiko du euskaraz.

Nafarroako konkistaren hari berari tiraz, maiatzaren 12an eta 19an mendi irteerak izango dira. Lehenengoa Azpiroztik Gorritira egingo dute, Gorritiko gaztelua bisitatzeko asmoz; Andia kultur elkarteko Naiara Zubillagak eta Jose Luis Orellak gidatuko dute ibilbidea, eta Jose Luis Recondo ere laguntzaile moduan ariko da; euskaraz nahiz gazteleraz emango dituzte azalpenak.

Bigarren irteera, berriz, Mendikuteko gaztelura izango da, eta Auza Gaztelura ere joango dira. Kasu honetan Aranzadi zientzia elkarteko Iñaki Padilla ariko da gidari lanetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!