Norvegiarren parkean 17 magnolia landatuko dituzte Zuhaitz eguna dela eta

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko ots. 2a, 06:32

Iurre auzoko Norvegiarren parkea izango da aurtengo Zuhaitz eguneko guneetako bat; lore horidun 17 magnolia landatuko dituzte larunbat goizean. Horrez gain, urteroko azoka berezia izango da Trianguloa plazan.

08:00etan lehenengo postuak jartzen hasiko dira, eta eguerdiko 14:00ak bitarte izango da, zuhaitzak, zuhaixkak, bonsaiak nahiz landareak ikusteko aukera. Iaz bezala, landare ekologikoak ere eskuragarri izango dira azokan.

Euskal Herri osoko hamasei mintegik parte hartuko dute larunbateko Zuhaitz eguneko azokan, eta udalak aipamen berezia egin nahi izan die, larunbatero Atadi kalean jartzen diren ondoko mintegiei: Donostiako Agirretxe mintegia, Zegamako Arakama mintegia, Ataungo Dorronsoro mintegia, Albizturko Lasa mintegia eta Anoetako Urkizu mintegia. Larunbat honetan ere Tolosan izango dira, baina fruta arbolak, baso landareak, apaingarriak, zuhaitzak eta zuhaixkak ekarriko dituzte, eta ezohiko txokoetan jarriko dituzte beren postuak.

Aipaturiko mintegiez gain, ordea, beste batzuk ere parte hartuko dute: Aranburu (Aginaga), Areitio (Zaldibar), Belar (Zaldibar), Blasenea (Zarautz), Chavarri (Alfaro), El montañés (Tafalla), Guillen (Pueyo), Islaza (Pasai San Pedro), Magalarte (Zamudio), Victor Lasa y otra CB (Albiztur), Irun Bonsai (Irun)eta Txomin Bilbao (Kortezubi).

Azkenik, Tolosako zuhaitzak eta landaredia ezagutzeko helburuz, Trianguloan bertan informazio puntua jarriko du udalak goiz osoan zehar.

Gazteak naturara hurbilduz

Azokaz gain, udaleko Ingurumen sailak, Lehen Hezkuntzako ikasleentzako jarduera prestatu du, Ingurumen eskolaren laguntzaz.

Horrela beraz, goizean, gymkana egingo dute neska-mutilek, Iurre auzoan: «Ikasleek zentzumenekin esperimentatuko dute, hitzekin jolastu edo mimikaren bidez baso bihurtu». Eguerdira bitarte ariko dira jolasean.  .

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!