Linazasoro: «Letek eta biok malenkonia eta ironia elkarbanatzen genuen»

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko otsailaren 2a

Karlos Linazasoro tolosarrak irabazi du, Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz sortu zuen Xabier Lete Poesia Sariaren lehenengo sariketa, Ezer gehiago behar gabe lanagatik.

Nazioarteko I. Xabier Lete Poesia Sariko epaimahaia Igor Estankonak, Joserra Garziak, Tere Irastorzak, Jose Angel Irigarayk eta Lourdes Otaegik osatu dute, eta Linazasororen lana beste 22 lanen artean aukeratua izan da, saria jasotzeko. Epaimahaiko kideek «poema liburu ederra» dela azaldu dute, eta «ideietan, metaforetan eta adierazteko moduetan aurkikuntza poetiko asko» dituela.

Idazle tolosarrak «ilusioz» jaso du 10.000 euroko ordainsaria: «Poemario nostalgikoa da, eta aldi berean bizi poza ere badu». Bere betiko beldurrak eta kezkak izan dira maitasuna, natura eta denboraren iheskortasuna, eta zazpi urtez mamitutako lanean islatu du hori. Hala ere, «gauzak garden esaten, hermetismotik ihes egiten» saiatu dela nabarmendu du: «Jendeak uler dezan nik esan nahi dudana».

Poesia klasikoa landu du liburuan, eta bere sariarekin Lete bera ere poztuko litzatekeela gaineratu du Karlos Linazasorok: «Malenkonia eta ironia elkarbanatzen genuen».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!