Merkatu Txikian «erantzun bikaina» jaso dutela diote

Ataria 2012ko urtarrilaren 19a

Aurten ere «erantzun bikaina» jaso dutela nabarmendu dute Gabonetako Merkatu Txikiaren balantzea egiterakoan. Laskorain ikastolak antolatu eta, Ibarratik Misio Taldea, Tolosaldea Sahararekin Elkartea eta Tolosako Udalaren laguntzarekin burutu dute. Bertan salgai egon diren jantziak, jostailuak, tresnak e.a. ikastolako familien, Tolosako dendarien eta gainerako herritarren «eskuzabaltasunari esker» izan direla azpimarratu dute.

Egitasmo honek urtez urte partaidetza aldetik jasotzen duen erantzuna areagotzen ari dela azpimarratu dute: «Gure esker ona aman nahi diegu, modu batean zein bestean ekimen honetan parte hartu duzuen guztioi», azaldu dute antolatzaileek.

Laskorain Ikastolako Merkatu Txikia batzordeak «benetan pozgarria» deritzo Emaus Fundazioak bazterketaren aurka burutzen duen proiektuari, eta Tolosaldea Sahararekin eta Ibarratik misio taldeek dituzten asmoak ezagutzeko nahiz zabaltzeko antolaturiko ekintzetan jaso duten «atxikimendua eta erantzun onari». Horri esker «ehunka gaztek, gurasok, familiak eta herritarrek, azken urte hauetan ezagutu ahal izan dute hainbat jendek bizi duen gizarte bazterketa, bai urrutian eta ez hain urrutian, gugandik gertu baizik».

Aldi berean, egoera horiek leuntzeko eskura dauden aukerak eta herritarron artean zabaldu nahi duten konpromisoa ezagutzera eman dutela azaldu dute. «Ziur gaude ekimen xume hauen bidez gizarte solidarioagoaren alde ari garela, eta jarraipena izateak merezi duela», gaineratu du Merkatu Txikiko batzordeak. «Kanpaina amaitu da, baina egitekoak egunerokotasunean hor dirau», gaineratu dute.

Parte hartze «oso zabala»

Aurtengo ekitaldiko parte hartzea «oso zabala» izan dela diote, eta datuak jakinarazi dituzte: guztira 130 dendarik hartu dute parte; antolaketan nahiz salmenta txandetan arduradun eta laguntzaile gisa, hamabi egunetan zehar, 250 guraso, irakasle, ikasle (DBH 3eta 4, eta Batxilergo 1 eta 2) eta ikasle ohi aritu dira laguntzen. Herritarren partaidetza «zenbaezina» dela gaineratu dute.

Helburu nagusiena ekonomikoa ez bazen ere, aurtengo merkatu txikiak «oso erantzun ona» izan duela azaldu dute, 17.000 euro inguru lortuz. Saldu gabe gelditu zen guztia Emaus Fundazioak jaso zuen; diru laguntza, berriz, Ibarratik Misio Taldea eta Tolosaldea Sahararekin taldeen esku geratu da, hauen laguntzaren premia dutenekin orain arteko lana eginez jarrai dezaten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!