Erantzun "bikaina" izan du Laskorainen merkatu txikiak

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko urtarrilaren 17a

Gabonetako oporraldian, urteroko moduan, Laskorain ikastolak antolatzen duen merkatu txikiak herritarren erantzun oso ona jaso duela azaldu dute antolatzaileek: "Egitasmo honek urtez urte partaidetza aldetik jasotzen duen erantzuna areagotzen ari dela azpimarragarria iruditzen zaigu. Beraz, gure esker ona modu batean zein bestean ekimen honetan parte hartu duzuen guztioi".

Aurten, Ibarratik Misio taldearen nahiz Tolosaldea Sahararekin elkartearen laguntza jaso du Laskorain ikastolak, eta irabazien zati bat bi elkarteen jardueretara bideratu dute antolatzaileek. Bi elkarte hauek, eta Emausek burutzen dituzten jardueren bidez, "ehunka gaztek, gurasok, familiak eta herritarrek, azken urte hauetan, ezagutu ahal izan dute hainbat jendek bizi duen gizarte bazterketa, bai urrutian eta ez hain urrutian, gugandik gertu baizik". Horrela beraz, Laskoraingo arduradunek jendarte solidarioago baten alde lanean jarraituko dutela nabarmendu dute.

Duela bi aste amaitu zen merkatu txikiko datuak ere eman ditu Tolosako ikastolak: guztira 130 dendarik pare hartu dute, eta antolaketan nahiz salmenta txandetan arduradun eta laguntzaile gisa, 250 guraso, irakasle, ikasle (DBH 3-4 eta Batxilergo 1 -2) eta ikasle ohi aritu dira laguntzen.

Bildutako diruarekin ere gustora agertu dira antolatzaileak: "Helburu nagusiena ekonomikoa ez bazen ere, oso erantzun ona izan du aurtengo edizioak eta 17.000 € inguru lortu ditugu".  Saldu gabeko guztia Emaus Fundazioak jaso du, eta diru laguntza, berriz,  Ibarratik misio taldea eta  Tolosaldea Sahararekin taldeen esku geratu da, orain arteko lana eginez jarrai dezaten.

Honegatik guztiagatik, Laskorain ikastolak eskerrak eman nahi izan dizkie tolosarrei "zuzenean edo zeharka parte hartzeagatik".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!