Australiako Irekia jokatzeko hiru partida irabazi behar zituen Lara Arruabarrena tenislariak. Hiru aurre kanporaketa hauek gaindituz gero, urteko lehen Grand Slam-ean egongo zen tolosarra. Iragan ostegunean, ordea, lehen kanporaketa jokatu ostean etxera itzuli beharrean aurkitu da Arruabarrena. Stefanie Voegele suitzarrak 6-4 eta 6-2 irabazi zion tolosarrari.
Australiakoa bere laugarren Grand Slam-a izan zen Lara Arruabarrenarentzat. Oraingoz partidarik irabazi gabea den arren, aurtengo denboraldian goraka egitea espero du tolosarrak. Egun, WTA sailkapenean 170. postuan aurkitzen da, eta lehen ehun onenen artean egotea gustatuko litzaioke. Horretarako eta Australian gertatua ahazteko, ondorengo lau asteetan munduan zehar bira bat egingo du, txapelketaz txapelketa. Lehenik Kolonbiara joango da, Calira eta Bogotara. Ondoren, Mexikoko pistak ezagutzeko aukera izango du tenislari euskaldunak, Monterrey eta Acapulcokoak hain zuzen ere.