Kirola eta elkartasuna, eskutik

Imanol Garcia Landa 2011ko abenduaren 30a

Urtezaharreko krosean parte hartzeak, urtea kirola egiten amaitzea baino zerbait gehiago suposatzen du. Izenak dion bezala, Elkartasun Krosak elkartasuna du ardatz, eta parte hartzerakoan lortutako dirua Kolonbiako Campo Alegre komunitatera bideratzen da.

Komunitate horretako Guillermo Leon Valencia eskolarekin dago senidetuta Samaniego ikastetxea. Hain justu, eskola horrek eta Orixe Institutuak antolatzen dute, udalaren laguntzarekin, lasterketa. Izen ematearekin lortzen den dirua Kolonbiako eskola horretarako bideratzen da, zehazki Biblio Mula proiektua bultzatzeko. Koku-Yo elkartearen bidez bidaltzen da laguntza hori.

Azken urte honetan Campo Alegre komunitateko egoera okertu egin da. 2010eko abenduan luiziak izan zituzten eta horren ondorioz hainbat kalte izan zituzten: soroak galdu zituzten, bost etxebizitza egoera txarrean geratu ziren, luizi gehiago izateko arriskua ere bazegoen... Guillermo Leon Valencia eskolako eraikinak ere kalte handiak izan zituen. Hala, bere zutabeak eta habeak gaizki geratu dira, eta horrek bere estrukturari eragiten dio. Bestalde, eraikinaren inguruko urak kudeatzeko zailtasunak daude. Horregatik, aurten komunitatearen eraikinean daude ikasleak. Udalerriko alkateak hitz eman duenez, datorren urtean eskolaren berreraikuntza hasiko da.

Bestalde, Koku-Yo elkarteak azaldu duenez, Campo Alegre komunitatean «indarkeria egoera sufritzen ari dira». Koku-Yo Kolonbiako Fundacion Vital gobernuz kanpoko elkartearekin aritzen da lankidetzan. Elkarte horretako ordezkariak heriotza mehatxuak jaso dituzte, inguru hartako mehategi bateko enpresaren aurka egindako salaketarengatik. «Mehategiaren jardunarengatik, Guabas ibaiaren urak kontaminatzen ari dira. Legez kanpoko jardun horrek sekulako kalteak eragiten ari da bertako ingurumenean».

15:30ean, benjaminak

Krosa Zerkausiaren ondotik hasiko da, bihar, 15:30ean. Hasieran benjaminek parte hartuko dute. 16:00etan alebinen txanda izango da, eta 16:30ean infantil mailakoak eta helduak aterako dira. Izena eman nahi dutenek, horretarako aukera dute bihar bertan, Zerkausian. Haurrek dohainik dute parte hartzea, eta helduek 10 euro ordaindu behar dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!