Urteberri eguneko mezan, Mokoroaren eta Gorritiren obrak

Ataria 2011ko abenduaren 29a

Santa Maria parrokiko musika kaperak urteko hitzordu berri bat izango du, igandean, Urteberri egunean. Parrokian meza nagusia izango da, 12:00etan, eta bertan Eduardo Mokoroa eta Felipi Gorritiren obrak abestuko dituzte.

Alde batetik, Eduardo Mokoroak 1909an konposatutako Misa Pastoral abestuko dute kaperakoek. Hain justu, Gabon egunetan kantatzeko egin zuen obra. Oi Betlehem eta  Belenen sortu zaigu Jainkoa Gabon kantak abestuko dituzte, Mokoroa berak orkestrarako moldatuta. Musikariak egindako Cantate Domino ere interpretatuko dute.

Bestalde, Felipe Gorritik konposatutako Gabonetarako zortzikoa abestuko dute. Gorritik 1889an sortu zuen, inude bati entzundako herri kanta batean oinarrituz.

Kaperaren zuzendari lanetan Iñaki Ayerbe ariko da. Loreto Fernandez izango da organista. Bakarlari bezala Joxeja Garcia, Manuel Muñoa, Jexuxmari Jauregi, Javier Yarza, Axun Gaztañaga eta Maite Crespillo. 20 musikarik parte hartzen dute hari eta haize orkestran, eta 70 abeslarik osatzen dute korua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!