Eguberrietan hutsik egin ezin duen hitzordu horietako bat da Shanti Txapelketa. Ekimen honi esker, futbolaren bueltan neska-mutil gazte ugari bildu ohi dira, eta horrela izango da aurtengoan ere, guztira, 61 taldek eman baitute izena. Atzo jokatu zituzten lehen partidak, eta urtarrilaren 8an izango dira finalak ikusgai Usabal kiroldegian.
Pasa den urteko txapelketan baino talde bat gehiago ariko da baloiarekin lehian, 600 gaztetxo baino gehiago benjaminetatik alebinetara bitarteko mailetan. Baina, nesken taldeen igoera da antolatzaileek bereziki nabarmendu nahi izan dutena; «ez dakigu futbola boladan dagoelako-edo den, baina kontua da urtetik urtera geroz eta nesken talde gehiago ditugula».
Pasa den urtean Xabi Alonsofutbolari tolosarra omendu zuten. Aurten ez da omenaldirik izango, baina datorren urterako izango dela espero dute.