Barrutik sortutako erakusketa

Imanol Garcia Landa 2011ko abenduaren 20a

Esna-bidean erakusketara sartzerakoan, sehaska batekin egiten du topo bisitariak. Egurrezkoa da, polita, Juan Gorritik egindako artelana. Gerturatzerakoan, txartel bat ikus daiteke gainean jarria: «Gurasoen ohean nago». Hasierako lilura une batez joan egiten da, eta hainbat sentsazio sortzen ditu, bisitariak bere barruan dituen iritzi eta ikuspuntuen arabera: «Txarra al da ba sehaskan lo egitea?»; «erakusketa antolatu dutenak, ni bezala, haurrek gurasoekin batera lo egitearen alde daude»…

Erakusketa indartsua da eta ez du inor epel uzten, gaia ez baita edonolakoa: edoskitzea, bularra ematea. Esnea bera bezala, barrutik sortutako lana da. Talde-erakusketa da gainera, jende ugarik parte hartu baitu, eta horren adibide dira geletako batean proiektoreak erakusten dituen 250etik gora argazkiak. Anitza da, argazkiez gain, bideo bat, ilustrazioak, margolanak, eskulturak, liburuen eta haurrentzako txokoa dituelako. Bizirik dago, erakusketa bertan dauden elementuak sortzen duten emozioez gain, hainbat ekitaldi prestatu baitituzte antolatzaileek, erakusketak irauten duen bitartean.

Abiapuntua

Carmen Ferro Montiu emaginak eragin zuen proiektua, hainbat urtetan edoskitzearen alde egindako lanean beste pauso bat emateko asmoz. Bularra emateari buruzko argazki erakusketa bat egin nahi zuen, eta bere edoskitze taldeetan daudenei eta egon direnei deialdia luzatu zien, une berezi hori islatzen duten argazkiak biltzeko. Tolosaldean orain gutxi sortu den Altzoan guraso elkarteko kideak laguntzeko prest azaldu ziren.

Argazki erakusketa bezala hasi zuen bidea proiektuak, eta pixkana ideia zabaltzen joan zen. Bideo bat egitea pentsatu zuten, bularra emateari buruzko bizipenak jasotzeko, eta horrela sortu da Zenbat buru… hainbat titiburu ikus entzunezkoa. Argazki proiekzioaz gain, Maddi Soroa, Lore Agirrezabal eta Monika Mauri argazkilarien lanak zintzilikatu dituzte. Ilustratzaile ezagunek parte hartu dute ere, erakusketarako espresuki egindako obrekin. Beste hainbat artelan ikus daitezke, tartean eskualdeko Naiara Delgado,  Idoia Elosegi eta Txitxi Orbegozok eginikoak. Edoskitzea argazkitan erakusteko asmoa zuen erakusketa, sormen iturri bihurtu da.

Erakusketaren espazio nagusia, erakusketaren parte izateaz gain, haurrentzako egokitu da: jolasteko txoko bat dute, tartean haur liburutegiak utzitako liburuekin. Gurasoei zuzendutako argitalpenak ere ondoan daude, eskura.

Espazio nagusi horretan izango dira erakusketak irauten duen bitartean antolatu dituzten ekitaldiak: hitzaldiak, ipuin kontaketak eta edoskitze saioak. Azken horietan, «edoskitzearekin lotura duen edo izan dezakeen edozein bertaratzeko txokoa izango da, garai honetan emakumeak izaten dituen gorabehera anitzak partekatzeko, poz eta minak elkarbanatzeko, bakarrik ez gaudela konturatzeko…», azaldu dute antolatzaileek.

Esna-bideanen helburu nagusia Tolosaldeko biztanleak «edoskitzeak duen garrantziaz jabetzea» da. «Halaber, emakumearen rola ‘aldatu’ den heinean, berau geure eguneroko bizitzan txertatzeko klabeak lantzea ere nahi da, elkarren arteko sostenguan oinarrituz».

Tolosako Aranburu jauregian dago zabalik erakusketa, urtarrilaren 14a arte. Bertara joatez gain, proiektuaren berri www.esnabidean.blogspot.com helbidean jaso daiteke.

Egitaraua

Erakusketa

Urtarrilaren 14a arte. Aranburu jauregian, asteartetik larunbatera, 17:30etik 20:30era .

Ekitaldiak

Saio guztiak 18:00etan hasiko dira.

Abenduak 21, asteazkena. Edoskitze saioa.

Abenduak 22, osteguna. Amaren elikadura edoskitzean hitzaldia, Amaia Perales elikaduran adituaren eskutik.

Abenduak 23, ostirala. Itziar Saenz de Ojer ipuin kontalaria.

Abenduak 27, asteartea. Continuum kontzeptuari buruzko hitzaldi-tailerra, Meitai Maitie-ren eskutik.

Abenduak 28, asteazkena. Edoskitze saioa.

Urtarrilak 3, asteartea. Amaren egoera emozionala edoskitze garaian hitzaldia, Nerea Mendizabal psikopedagogoaren eskutik.

Urtarrilak 4, asteazkena. Edoskitze saio berezia. Tolosan edoskitze lekuak aukeratzeko baliatuko da.

Urtarrilak 7, larunbata. Itziar Saenz de Ojer ipuin kontalaria.

Urtarrilak 10, asteartea. Gorputzaren zaintza edoskitze garaian hitzaldia, Olatz Basterretxea osteopataren eskutik.

Urtarrilak 11, asteazkena. Edoskitze saioa.

Urtarrilak 14, larunbata. Itziar Saenz de Ojer ipuin kontalaria. Ondoren, erakusketa ixteko, bular emate kolektiboa.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!