Amari deika, abestuz

Imanol Garcia Landa 2011ko abenduaren 19a

Hamabost urte igaro dira Laskorain ikastolako Lask abesbatza sortu zenetik, eta denbora horretan jasotako emaitzetako bat aurkeztu berri dute: Yau samayaye diskoa eta DVDa .

Ikastolako jaialdi batean sortu zen ideia, Juantxo Zeberio diskoaren zuzendari artistikoak eta ikastolako gurasoak zehaztu duenez: «Abesbatzak parte hartu zuen jaialdi horretan eta, kezkatuta, ikusi nuen taldeko 60 ingurutik bi mutil bakarrik zeudela taldean. Nolabait mutilak abesbatzan nola sartu zitekeen pentsatzen hasi ginen, eta disko bat egitea pentsatu genuen».

Mutilak abesbatzara erakartzeaz gain, beste helburua ikas komunitate guztiak proiektuan parte hartzea izan da. «Oso harro gaude egindako lanarekin, eta lortu dugun partaidetza eta sinbiosiarekin», gaineratu du Zeberiok. «Krisi ekonomikoaren garaian, ideia krisirik ez dagoela ikusi da. Laskorain ikastolatik ur tanta bat sortu da, ur tanta berezia, eta ozeanoa ur tantekin betetzen da».

Hain justu, Jone Urteaga ikastolako zuzendariak bat egin du hezkuntza komunitatearen partaidetza nabarmentzerakoan: «Ikastolaren izenean, oso harro sentitzen gara ikasle, irakasle eta gurasoek izan duten parte hartzearekin».

Lanak bi urte iraun ditu eta presarik gabe egindakoa izan dela azaldu du Naiara Mintegia Lask abesbatzako zuzendariak. Proiektuaren beste helburua azaldu du Mintegiagak: «Bide eginez ikastea. Nik asko ikasi dut diskoa eginez».

Leire Elola abesbatzako kideak esan duenez, «oso pozik hartu genuen diskoa egiteko aukera, eta lan asko suposatu badu ere, oso harro gaude lortu dugun emaitzarekin». Elolak gaineratu duenez, proiektua egiterakoan beste kultura bat ezagutzeko aukera eman die eta abesbatzako kideen arteko harremana sendotu egin da.

Estilo anitzekoa

Hamar abestik osatzen dute diskoa, hainbat hizkuntzetan: euskaraz, serbiarrez, ingelesez, woloferaz... Estilo anitzekoak direla ere esan du abesbatzako zuzendariak: «Ken 7 eta Cold Play bezalako taldeen abestiak daude, Eguberrietako kantak,... Moldaketa asko daude, abesti alaiak eta erritmikoak egiteko».

Diskoari izena ematen dion  abestia, Yau samayaye, Juantxo Zeberioak konposatutako da. «Seme-alabak amari deika ari zaioenean esaten duen hitzak dira. Herriminari buruzko abestia egin nahi genuen, afrikar ukituarekin, eta Nene Diob senegaldarrarekin batera idatzi genituen hitzak».

Diskoarekin batera, DVD bat ere egin dute Lask abesbatzakoek. Bertan kalean CDak saltzen dituen Baba Lo senegaldarra da protagonista. Beñat Urkola abesbatzako kideak azaldu duenez, «Babaren egunerokotasuna azaltzen da bideoan. Lan horrekin mezu bat azaldu nahi izan dugu: esfortzu bat egin behar dugula etorkinei gure artean behar bezalako harrera egiteko».  Bideo egin izana oso garrantzitsua dela esan du Baba Lok.

Zuzenean, diskoaren abestiak entzuteko aukera izango da, bihar, Sakramentinoen elizan, Lask abesbatzaren Eguberrietako kontzertuan. Ikasle txikien (8-9 urte) eta handien (10-14 urte) taldeak ariko dira kantari Naiara Mintegiaren zuzendaritzapean, Leire Alberdi eta Ana Iparragirreren laguntzarekin pianoan.

CDa eta DVDa hainbat lekutan eskuratu daiteke, hamar eurotan: ikastolan bertan, hilaren 26tik aurrera kultur etxean egingo den merkatu txikian, musika dendetan edo abesbatzako partaideren batekin harremanetan jarrita.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!