Hamalau urteko ibilbidea ospatuko du Bonbereneak hilabete honetan

Itzea Urkizu Arsuaga 2011ko abenduaren 16a

Duela hamalau urte Tolosako hainbat gaztek hasi zuten bideari jarraituz, beren urteurrena ospatuko dute Bonbereneako kideek, urte amaiera bitarte.

1997ko abenduan okupatu zuten, Alondegiko eremuan, noizbait eskualdeko suhiltzaileen egoitza izan zen eraikina. Honek eman zion, hain zuzen, Bonberenea izena etxeari. Lehen egun haietan zenbait kontzertu antolatu zituzten gazteek; udalaren babesik ez zuten, ordea, eta egun batzuen buruan eraitsi zuten eraikina.

Mobilizazioak eta protestak nagusi izan ziren 1997ko eguberri haietan, eta Euskal Herria plazako eraikinean ere ez zuten denbora askorik egin. 1999. urteko abenduaren 23an okupatu zuten, azkenik, gaur egun Bonberenea bezala ezagutzen dugun San Estebango eraikina. Bonberenearen 14 urteko historia ospatzeko, beraz, Hainbat ospakizun, gaitzena eginkizun lelopean, egitarau oparoa izango da.

Ander Lizaso, Inde Kitxen taldeko kidea: «Ideia berriak ez dira hasieran bezala sortzen»

Otsabiko sukaldean jo zituzten lehen akordeak, eta hark eman zien izena. 2007az geroztik Tolosako eta eskualdeko oholtzetan aritu ondoren, gaur eskainiko dute Bonberenean, azken kontzertua.

Inde Kitxen taldeko kidea da Ander Lizaso (Ibarra, 1981). Lauzpabost urteko ibilbidearen ondoren, gaur eskainiko dute azken kontzertua.

Noiz hasi zineten talde moduan biltzen?

Seriotasun pixka batekin 2007 inguruan hasi ginen. Lehenago ere geratzen ginen jotzeko, baina Otsabi lokalen egin zen kontzertu baten harira hasi ginen talde bezala biltzen.

Inde Kitxen izena nola sortu zen?

Otsabiko lokaleko sukaldean egiten ditugu entseguak. Bateria bat azaldu zen han, eta bertan hasi ginen jotzen. Lokaleko gazteak kontzertu bat egiteko esanez hasi zitzaizkigun, eta guk oso argi ez genuen arren, baiezkoa eman genuen. Izenik ez genuen, ordea, eta Inde Kitxen jartzea bururatu zitzaigun.

Eta nolakoak dira lehen kontzertu hartako oroitzapenak?

Uztailaren 6an izan zela uste dut, eta Nekro taldearekin batera jo genuen. Ez genuen ekiporik eta eurek utzi ziguten guztia. Oso urduri geunden, baina oso oroitzapen onak ditugu.

Sputnik 11 diskan parte hartu duzue beste hiru talderekin batera. Nolakoa izan da esperientzia?

Talde bakoitzak estudioan abesti pare bat grabatzeko aukera eskaini digu. Bonbereneakoek deitu ziguten proposamena azalduz, eta baiezkoa eman genuen. Gainera, lau taldetatik hiru Otsabin hasi ginen entseguak egiten; Glaukoma Sound System bertan aritzen da oraindik ere, eta Switch-ekoak ere han hasi ziren. Beraz, ilusio berezia egin zigun horrek ere.

Gaur emango duzue azken kontzertua. Zer dela eta utziko diozue elkarrekin jotzeari?

Ideiak ez ziren lehen bezala etortzen, eta pixkanaka uzten joan garen zerbait izan da; atsedenaldi moduan hartuko dugu hau eta gerora berriro elkartzearena ez dugu inola ere baztertu. Switch-en lokalean aritu gara entseguak egiten, eta abesti bereziak prestatu ditugu.

Bonbereneako urteurrenaren egitaraua:

Abenduak 16, ostirala

22:30. Inde Kitxen taldearen agur kontzertua.

Abenduak 17, larunbata

11:00. Lander Zabalza Txabali omenaldia, eta gero kalejira.

14:30. Bazkaria.

Abenduak 23, ostirala

21:00. Okupazio eguneko afaria.

23:59. Su artifizialak.

Abenduak 26, astelehena

22:00. Futbolin txapelketa.

Abenduak 28, asteazkena

22:30. Galukoma Sound System, Dolce Tangana eta Atila y los Unos taldeen kontzertua.

Abenduak 29, osteguna

22:00. Mus txapelketa.

Abenduak 30, ostirala

22:30. Zea Mays taldearen kontzertua.

Abenduak 31, larunbata

12:00. Tolosa Kantariko DVD aurkezpena Tontokalen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!