Eraikuntzan hitzarmena ez betetzearen ondorioz lan prekarietatea handituz doa LABen arabera

tolosa 2011ko abenduaren 7a

LAB sindikatuak, Sarrera debekatua lan honi ez dagokion hitzarmen orori kanpainarekin jarraituz, abenduaren 6a Obretako Itsasketa Eguna izendatu du. Hori dela eta, LABeko sektoreko arduradunak eta delegatuak obraz obra ibili ziren herenegun «hitzarmena betetzen duten edo betetzen ez duten» obrak aztertzen.

Ekintza honekin, herrialdeko hitzarmena betetzen ez dela eta patronalak, Adegik, hitzarmena «bahiturik eta blokeo egoeran» duela salatu nahi izan dute. Era berean, salaketa konkretu bat egin nahi duen langileari bidea erraztu nahi diete, eurekin harremanetan jartzeko bidea eskainiz, eraikuntzakimika@labsindikatua.org helbide elektronikoaren bitartez.

Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzeko egoera berdintsua dela dio LABek. Gipuzkoari dagokionez hitzarmenaren negoziaketek bi urte dirautela «blokeaturik» salatzen dute, «Adegi hitzarmena ez betetzearen eta bere ondorioez hitz egitera ukatzen delako».

LAB sindikatuak egoera honen aurrean, eta patronalaren jarrera kontuan hartuta, bi ondorio atera ditu: «Batetik, hitzarmena ez betetzearen ondorioz sortzen den prekarietatea igoz doala egunez egun. Eta, bestetik, gaur egunean ditugun tresnak, Lan Ikuskaritza kasu, hitzarmena ez betetze honi aurre egiteko ez direla eraginkorrak erakusten dutela, beste behin».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!