Zesta puntaren munduak bere izarretako bat omendu zuen, atzo, Tolosako Beotibar frontoian: orain gutxi hil den Jose Inazio Elola. Pilotalekua jendez beteta egon zen, puntista tolosarrari merezitako omenaldia eginez.
Elola izan zen Beotibar Zesta Punta Eskolaren sortzaileetako bat, eta eskolakoak aritu ziren omenaldia prestatzen. Bertako pilotari gazteak kinieletan aritu ziren jokatzen, eta ondoren, goi mailako bi pilota partida ikusi ahal izan ziren, Jai Alive enpresako pilotariekin.
Pilotari profesionalen partiden tartean egin zen omenaldia. Elolaren senideek hainbaten oroigarriak jaso zituzten: Tolosako Udala, Amasa-Villabonako Udala, Gipuzkoako Pilota Federazioa, Euskal Pilota Federazioa, Jai Alive enpresa, eta noski, Beotibar Zesta Punta Eskola. Hainbat puntista ohi ere bertan izan ziren, beraien saskiekin.
Omenaldiaren aurkezpenean esan bezala, ezusteko bat zuten gordeta eskolakoek. Izan ere, Beotibar frontoiaren sarreran plaka bat jarri zuten, estalita, eta omenaldia ospatzen ari zela ikusgai jarri zuten. Plakarekin, Jose Inazio Elola eta Beotibar lotuta geratu dira betirako.