‘Eskerrak zuri’ musikatua

tolosa 2011ko abenduaren 5a

http://www.youtube.com/watch?v=0W86kuA526c

Galtzaundi euskara taldeak Eskerrak zuri aipamen bereziak banatu berri ditu. Tolosa Kantarik jaso zuen aipamen horietako bat eta, noski, bertako kideek sari banaketa girotu zuten abestiekin. Beste sariak Baso-Lur enpresak eta  euskara irakasle euskaldun berriek jaso zituzten.

Badira hiru urte Tolosa Kantari ekimena martxan jarri zela: hileko azken larunbatetan 100 lagunetik gora biltzen dira Tolosako Alde Zaharrean euskal kantak abesteko. «Ordudanik, Tolosa Kantariren baitan bildutakoek euskarari mesede baino ez diote egin kantuzaletasunak bultzatuta», azaldu zuten Galtzaunditik. Tolosa Kantariren baitan bildutako kide guztiak euskaldunak ez badira ere, parte hartzaileen arteko hizkuntza euskara da, euskarak erabateko presentzia dauka bertako harremanetan, aukeratutako abestietan... «Osteguneko entseguek ere aukera ematen die bertako partaideei abestiak euskaraz irakurtzeko eta abesteko. Euskaraz alfabetatu gabeko partaide asko egonik, begi erdaldunak euskarara jartzen laguntzen zaie honela», gaineratu zuten euskara taldetik.

Enpresa munduan euskaraz

Baso-Lurrek enpresa munduan euskararen inguruan egindako lanagatik jaso du aipamen berezia. «Nekazaritza tresneria saldu eta konpontzen duen enpresa honek azken urteotan pauso garrantzitsuak eman ditu enpresa munduan euskara zabaltze aldera», zehaztu dute Galtzaunditik. Bide horretan, enpresak Irurako Udalarekin sinatutako hitzarmena hartu du oinarri euskara taldeak. «Urte hauetan, konpromisoetan aurrera egin du Baso-Lurrek. Esaterako, hizkuntza paisaiari dagozkion konpromisoak ongi bete ditu (erakundearen irudian euskara lehenetsiz), bezeroarekiko idatzizko harremanak euskaraz eskaintzen ditu (euskara hutsean eta bezeroak eskatuz gero gazteleraz), bezeroarekiko ahozko harremanak euskaraz lantzen ditu...».

Hirugarren aipamen berezia euskara irakasle euskaldun berriei eman zien. Tolosako Aitzol Udal Euskaltegiak datorren ikasturtean 30 urte beteko ditu eta ibilbide luze horren baitan besteak beste, Miren Atxaga, Jabi Diaz eta Kristina Uranga euskara irakasten jardun dira. «Guztiak, era batera edo bestera, momentu batean euskara eurena egitea erabaki zuten; euskaldunduz, euskara ikasiz, alfabetatuz edota euskara berreskuratuz», azaldu zuten Galtzaunditik. Saria emanez, egindako lasn hori goraipatu zuten euskara taldekoek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!