Titirijai Txotxongiloen Nazioarteko jaialdiaren barruan arrakasta handiena izan ohi duen elementua erakusketa da. Aurtengoan Suitzara leihoa bisita daiteke Aranburu jauregian. Txotxongiloek Suitzan izan duten bilakaera ikus daiteke bertan.
Erakusketa bidaia modukoa da. Txotxongiloen historian zehar eginiko bidaia. Era berean, txotxongiloen ezaugarriak ezagutzeaz gain, lurralde horretako tradizioak, gustuak, ohiturak... agerian geratzen dira. Aurtengo Leihoak badu azken urtetakoekin nabarmentzeko puntua. Pasa den urtekoan, esaterako, Japoniako txotxongiloez bete zen jauregia. Tradizioari erabat loturik dauden txotxongiloez gozatu ahal izan zuten gerturatu zirenek. Aurten, baina, Europako lurralde batera begira jarri denez, ez dute tradizioa ezaugarri nagusitzat.
Izan ere, Suitzako txotxongiloen historiak ez ditu Japoniakoak adina urte. XIX. mende amaieran edo XX. mendearen hasieran hasi ziren suitzar txotxongiloekin taula gainean antzerkia egiten. Egun, nabarmentzekoa da 120 konpainia dituela. Suitzaren tamainako lurralde batean azpimarragarria da txotxongiloen arloan dagoen mugimendua.
Aranburuko erakusketan Suitzako bost txotxongilo konpainiak hartzen dute parte. Horietako batek haurrei zuzendutako ikuskizunak eskaintzen ditu, eta gainerakoek gazte eta helduei zuzenduak. Txotxongilo hauei guztiei forma emateko ardura izan dutenak Pierre Alain eta Paola Buscari suitzarrak izan dira. Gainera, erakusketa eurekin bisitatzeko aukera zabaldu dute. Egun guztietan izango dira bertan, suitzar txotxongiloen inguruko xehetasunak ematen.
Alain berak azaldu duenez, «txotxongiloak xarma, borondate artistikoaren ondorio dira». Halaber, erakusketa «sortzaileekiko sentitzen duten errespetuaren seinale» izatea nahiko lukeela adierazi du. Bestalde, Titirijaik txotxongiloen munduan duen «garrantzia» eta egiten den lan «eskerga» nabarmendu dute suitzar artistek.
Askotarikoak
Aniztasuna izan daiteke erakusketaren ezaugarri adierazgarrietako bat. Txotxongilo mota gehienek lekua dute bertan, hau da, eskularru txotxongiloek, harizkoek edota itzalen bidezkoek. Materialari dagokionean ere, egurrezkoak, kartoizkoak, metalezkoak... topatuko ditugu. Pertsonaia ezezagunetatik hasi eta Pinotxo bezalako klasikoetara edota Suitzako politikariak irudikatuz eginikoetara. Askotariko pertsonaiak, sormen eta irudimenezko munduei bizia ematen hasteko irrikaz daudenak.