Carlos Peña tolosarra Asturiasen ibili da asteburu honetan. Sella ibaiarekin urtero egiten du zita, eta aurtengoan ur gutxirekin topatu du. Igerilariaren esanetan, zati batzuetan ukondoarekin harriak ukituz ibili behar izan du, baina hala eta guztiz ere, ibaia jaistea lortu du: Arriondaseko zubitik Ribadesellara. Peñak entrenamendu moduan hartu du asteburuko erronka hau, izan ere, abenduaren 17an eta 18an Herrialde Katalanetara joango da. Bertan, Castelldefells-eko ubide olinpikoa zeharkatuko du 24 ordutan, gelditu gabe. Kilometro bateko ubidea honetan, TV3ren Maratoi Fundazioaren alde arituko da igerian.