Kalea eta gaua emakumeenak ere badirela aldarrikatuko dute bihar

Itzea Urkizu Arsuaga 2011ko aza. 24a, 13:27

«Emakumeok, oraindik ere, beldurra dugu espazio publikoetan bakarrik ibiltzeko». Hitz hauekin hasi zuen Josebe Iturriozek, Tolosako Udaleko berdintasun saileko teknikariak, Emakumearenganako Indarkeriaren Aurkako egunaren harira antolatu zuten prentsaurrekoa. Urteroko moduan, indarkeria sexista salatuko dute; aurten, ordea, emakumeek kalean lasai eta askatasunez ibiltzeko eskubidearen aldeko jarduerak burutuko dituzte egun osoan zehar.

Udaleko Parekidetasun zinegotzia den Miren Urkolak, eremu honetan oraindik egiteko geratzen den bide luzea nabarmendu zuen, eta gobernu talde berriarentzat «berdintasunak erabateko lehentasuna» duela azaldu zuen. Bere ustez, emakumea jaiotzetik mehatxupean bizi da, eta «askatasunean eta autonomian oinarrituriko gizarte parekideago bat eraiki behar» dela azpimarratu zuen. Bide horretan, erabat salatu zuen emakumeak bizi duen beldurra, eta baita bortxaketak, mehatxuak eta antzekoak ere. Era berean, emakumeek lan munduan bizi duten menpekotasun egoera deuseztatu beharraz ere aritu zen: «Tolosan, lan egin bat da honen guztiaren aurka, eta azpimarratu egin nahi dut emakume talde antolatuek duten garrantzia, gizarte parekideago hau lortze aldera».

Josebe Iturrioz berdintasun teknikariak, Miren Urkolaren hariari heldu zion, eta Emakumearenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna «eufemismo hutsa» dela aldarrikatu zuen: «Indarkeria matxistaren aurkako eguna da».

Emakumeek, beldurra dela eta, kalean bakarrik ibiltzeko duen askatasun falta nabarmendu nahi izan zuen Iturriozek: «Honen kausa zein da? Emakume jaiotzea. Eta emakumea ez bazara, ez zara konturatzen errealitate horretaz. Gainera, emakumeok ere naturaltasunez hartzen dugu, batzuetan, beldur hori sentitzea».

Bihar, egunean zehar Tolosako herriguneko tren geltokian emakumeek burutuko dituzten jarduerak, beraz, beldur horrekin lotura zuzena izango dutenak dira: «Kalea eta gaua ere gureak dira, eta hartu egin behar ditugu», aldarrikatu zuen Iturriozek.

Artea, beldurraren aurka

Emakume artisten ordezkari moduan hitz egin zuen Naiara Delgadok. Indarkeria sexistaren aurka zenbait jarduera burutuko dituzte bihar, egun osoan zehar.

«Musika eskolaren ondoan dagoen tren geltokia leku itxia eta iluna da, eta bertan, beldurra pasatzen dugu askotan», dio Delgadok. Honi aurre egiteko, eta jendea beldur horretaz jabetzeko, hainbat gauza aldatuko dituzte: pasabidea txuriz margotuko dute argiagoa izan dadin, erretrobisore bat jarriko dute eskilaretan, eta eremu guztia argiztatuko dute. 13:00etan hasita, 17:00ak arte ariko dira lan hauekin, eta tartean bazkaria egingo dute. 17:00etatik 19:00etara bitarte, berriz, ipuin kontalaria eta klown-a izango dira, eta hormairudia margotuko dute. Hau amaitutakoan, iluntzeko 19:00etan Tolosaldeko Emakumeen Mundu Martxarako Plataformak deituriko elkarretaratzearekin bat egingo dute, Trianguloa plazan. Azkenik, elkarretaratzea amaitu eta gero, tren geltokira itzuliko dira, zenbait emakume artisten proiekzioak eskainiko baitituzte.

Naiara Delgadok, Tolosako herriguneko tren geltokira bertaratzeko gonbitea luzatu zien, agerraldian, herritarrei: «Norbaitek zerbait berria erantsi nahi badu, egin dezake».

Tolosako jarduera eta aldarrikapenez gain, ordea, eskualdean ere indarkeria matxistaren aurkako ekimenak antolatu dituzte Anoetan, Iruran, Villabonan eta Leitzan.

8.000 puntu lila

Emakumearenganako Indarkeriaren Aurkako Egunarekin bat egiteko, lila koloreko puntua bilakatu da protestaren irudi.Tolosan bakarrik, 8.000 puntu lila banatuko dituzte bihar, herritarrek atxikimendua erakuts dezaten.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ere banatuko dituzte pegatinak; Anoetako Udalak, esaterako, leihoetan puntu lilak eransteko deia luzatu die anoetarrei.

Emakumearenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna eskualdean:

Tolosa

12:00. LAB sindikatuaren elkarretaratzea Trianguloa plazan Ez lan munduan, ez inon, emakumeen aurkako indarkeriari STOP! lelopean.

13:00-17:00. Herriguneko tren geltokiko eremua argiztatzen eta margotzen ariko dira. Bazkaria ere egingo dute.

17:00-19:00. Leku berean, ipuin kontalaria eta klown-a.

19:00. Tolosaldeko Emakumeen Mundu Martxarako Plataformak deitutako elkarretaratzea Trianguloa plazan, indarkeria sexistaren aurka.

Irura

12:00. Elkarretaratzea udaletxe aurrean.

17:30. Ludotekako guraso gelan bideo proiekzioa. Ondoren, kafe tertulia.

17:30. Gaztelekuan konposizio tailerra. Emakumeenganako indarkeria gaitzat hartuz, gazteek abesti bat konposatuko dute.

Villabona

20:00. Elkarretaratzea Berdura plazan.

21:00. Pelikula emanaldia udaletxeko balioanitzeko gelan: Mis tardes con Margarita.

Leitza

11:15. Indarkeria sexistaren aurrean guk/zuk zer egin dezakegu/zu? mahai informatiboa eta elkarretaratzea institutuan.

12:00. Mahai informatiboa herriko plazan.

19:00. Elkarretaratzea Lopene atarian, Bilgune Feministak deituta.

Larunbatean, 10:00-14:00. Emakumeentzako autodefentsa feminista txokoa, tailerra eta jatekoa, eskolako gimnasioan.

Indarkeria sexistaren aurrean, «borondate politikorik ez dago»

Tolosaldeko Bilgune Feministak instituzioetatik indarkeria sexistaren aurrean hartu diren neurriak kritikatu ditu, eta gai horretan ez dagoela «borondate politikorik» esan du. Nafarroako Legeak eta EAEn sortu berri duten legearen aurreproiektuaren barruko neurriak,  «azkenaldian hartu diren neurri solteen antzera, protekzionismoa eta paternalismoa dituzte oinarrian», dio Bilgunek. «Emakumeon biktimizazioan eragiten dute eta ahuldu egiten gaituzte; irakurketa biktimizatzaileak ez ditu eraldaketarako gakoak ematen, emakumeak eta bereziki indarkeria egoera zehatzak bizi izan dituzten emakumeak ahultzen dituelako», salatu du.

Instituzioetatik martxan jartzen dituzten neurriek indarkeriaren dimentsio guztiak ez dituztela kontuan hartzen gaineratu dute feministek. «Askotan, bikote harremanetan gertatzen diren erasoez soilik arduratzen dira; torturak, jazarpenak, kaleko erasoak, irainak eta abar alde batera utziz», esan dute. «Indarkeria sexista eremu guztietan eta adierazpen askotan gertatzen dela ahazten dute», gaineratu dute.

Instituzioek subjektu pasiboak balira bezala tratatzen dituztela diote, «gure burua defendatzeko gaitasunik ez bagenu bezala, zer nahi dugun jakingo ez bagenu bezala». Instituzioek «salbatzaile papera» egokitzen diotela euren buruei gaineratu dute. Ez direla subjektu pasiboak eta ez dutela «diskurtso paternalistarik» nahi esan dute. «Ahotsa badugu, eta zer nahi dugun ere, jakin badakigu! Gure ustetan emakumeon hitzak, egun daukana baino indar handiagoa hartu beharko luke, subjektu politikoetan bilakatzeko prozesuaren lehen pausoa baita», zehaztu dute Bilgunetik.

Emakume izatearen «arriskuez, eguneroko beldur eta erasoez» oso kontziente direla diote. Autodefentsan sinesten dutela esan dute, «gure burua defendatzeko dugun gaitasunean, eta ez dugu salbatzaileen zain egoteko asmorik». Horregatik, bere jarduna «Autodefentsa Feministan» oinarritzen dutela esan dute: «Emakumeon arteko elkartasuna eta antolakuntza abiapuntu izanda, autodefentsa feministak bide lagun ditu: indarra, babesa, autoestimua eta konfiantza».

LAB sindikatutik ere instituzioek neurririk ez hartzea salatu dute. Emakumeen kontrako indarkeria patriarka-sistemaren ondorioa dela diote LAB sindikatutik, «sistema honek gizon eta emakumeon artean ezartzen dituen botere harremanetan oinarritzen baita». Lan eremuari dagokionean, patriarka-sistemak sexuaren araberako lan banaketa ezartzen duela dio, «honek emakumeon prekarietatea areagotu eta indarkeria sexista iraunarazten duelarik, sexu jazarpena izanik adierazgarririk larriena».

Emakumeen kontrako indarkeria orori aurre egin nahi bada, «ezinbestez prebentzioaz hitz egin behar da», esan du. «Azken finean jendartearen ardura ere bada giza honetako gertakizunak berriz ere ez ematea». Horren kontzientzia izanik, «LAB sindikatutik aspalditik aldarrikatzen dugu lan munduan parekidetasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak aplikatzea enpresetan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!