Ekitaldiz betetako asteburua dute aurretik Tolosan. Babarrunaren astea da honakoa, eta honen bueltan, hainbat ekitaldi egin dira, eta egingo dira. Gaurkoan nagusiena, Babarrun Ekoizleen Lehiaketa izan da, eta jada badu irabazlea: Legorretako Joxe Mujika. Ez da goierritarrak irabazten duen lehen aldia; iaz ere lehen saria eskuratu zuen, eta baita 1999. urtean ere. 2002. urtean hirugarren izan zen, eta 2005ean eta 2008an, bigarren. Irabazleak esandakoaren arabera, ez du inongo sekreturik: "Ondo zaintzea, besterik ez, ez dago sekreturik. Mimatu eta lan egin, horixe. Aurtengo uzta hobea izan dela esan behar dut, hala ere".
Bigarren eta hirugarren sariak, aldiz, eskualdean geratu dira; bigarren Anoetako Juan Felix Zarauzek egin du, eta hirugarren saria Albizturrera joan da, Juan Ugartemendiaren eskuetara.
Era berean, sari banaketa eta gero babarrun lakari bat, 3 kilo, alegia, jarri dute enkantean. Dirua Afrika Elkartasuna elkartearentzat izango da iaz bezala, Malin Joxe Arregi frantziskotarrak duen proiektu bat laguntzeko. Aurtengoan 700 euro ordaindu dira lakariagatik, eta Tolosan ireki berri den Lurlan dendak erosi du.
Lehiaketa eta enkanteaz gain, hala ere, izan dira ekitaldi gehiago goizean zehar. 12:00ak aldera Babarrunaren Kofradiako kideek, 800 bat babarrun razio banatu dituzte Trianguloan, eta goiz osoan zehar azoka berezia izan da Trianguloan, artisauen produktuak ikusi eta erosi ahal izan dira San Frantzisko pasealekuan, liburuak ere jarri dituzte salgai aipatu pasealekuan... Era berean, Txinparta elkartean Txapela Nork Hobeto Jantzi Lehiaketa egin dute, urteroko moduan. Bihar ere izango dira ekitaldiak. Lehiaketa Gastronomikoa izango da goizean zehar, eta babarrun asteari bukaera emateko Zerkausian bilduko dira herritarrak, Gure Kaiola elkarteak egindako babarrun jatean parte hartzeko.