Lehia bizia izango da aurtengo Tolosako babarrunaren lehiaketa gastronomikoan. 25.a da eta zenbaki borobila izanik, antolatzaile lanetan aritzen den Gure Kaiola elkarteak aurreko urteetako irabazleak elkartu ditu. Horiez gain, hainbat urtetan parte hartu duten zenbait sukaldari ere izango dira. Guztira 21 lehiakide egongo dira, Trianguloa plazan, igande goizean, babarruna nola egosten ari den eltze barrura begira.
Jose Luis Peciña Gure Kaiolako kideak parte hartu zuen hasierako urteetan lehiaketa prestatzen. «Herriaren alde zerbait egitea pentsatu genuen. Babarruna Tolosa bertako produktua denez, hori bultzatzea pentsatu genuen, eta horrela sortu zen lehiaketa». Lehenengo urteetan, elkarte bertako kide batzuk baserriz baserri joaten ziren babarrun ale onenaren bila, lehiaketan erabiltzeko. «Gero, egitasmoa indartzen joan ahala, sortu zen ekoizleen elkartea, kofradia, eta udala ekoizleen arteko lehiaketa antolatzen hasi zen», dio Peciñak.
Ignacio Malumbres Gure Kaiolako kideak gaineratu duenez, «jendeak oso serio hartzen du lehiaketa. Aurretik prestatu egiten dira eta askok bere ura ekartzen dute». Aurreko egunean ekoizleen lehiaketa irabazi duenaren babarrun kiloa jasotzen du parte hartzaile bakoitzak. Babarrunarekin batera eltzean sartzen dena, bakoitzaren esku geratzen da. Ez dira anekdotarik falta, Malunbresek gogora ekartzen duenez: «Behin batzuk hegaluzearekin prestatu zuten. Beste behin, mexikar batzuk ere parte hartu zuten eta oso minak prestatu zituzten».
Lehen mailako epaimahaia
Epaimahaia ez da nolanahikoa izango: Martin Berasategi, Pedro Subijana, Hilario Arbelaitz eta David de Jorge sukaldariak eta Mikel Zeberio gastronomia kritikoa. Urtero izen handiko epaimahaia lotzen saiatzen dira Gure Kaiolakoak, eta oso eskertuta daude etortzen direnei. «Azken urteotan Gastronomia Astea antolatzen dute Donostian garai honetan. Baina izen handiko sukaldariek Tolosara etortzeko tartetxoa hartzen dute», dio Peciñak. Sari banaketa 16:30ak inguruan izango da, Zerkausian, herri bazkariaren bukaeran.
Herri bazkarian, hain justu, 500 lagun elkartuko dira. Laurehundik gora txartel salduta dituzte. Urtero legez, Trintxerpeko lehiakidearekin batera, 60 lagun inguru etorriko dira herri horretatik. Bazkarirako izena eman nahi duenak 607 672 709 zenbakira deitu dezake, 19:00etatik 21:00etara, edo egunean bertan Trianguloara azaldu.
Bihar hasiko den Tolosako babarrunaren festak jarraipena izango du, beraz, etziko lehiaketa gastronomikoan eta herri bazkarian.
Parte hartzaileak
Parte hartzaile bakoitzak laguntzaile bat izaten du. Bukaeran, lehiaketa irabazi duen urtea.
Mari Karmen Otaegi. Albiztur sagardotegia. Donostia. 1987.
Jose Luis Peciña. Gure Kaiola. Tolosa. 1988.
Jose Guiu. Izaskun. Tolosa. 1989.
Nieves Gimeno. Tolosa. 1990.
Alejandro Insua. Altza. 1991.
Jose Manuel Soroiz. Arrano. Beasain. 1992, 1995 eta 2001.
Pili Iturbe. Legorreta. 1996.
Iñaki Aiestaran. Txumitxa. Tolosa. 1994.
Fernando Ochoa. Iurre. Tolosa. 1998.
Agustin Otegi. Tolosa. 1999.
Sabino Fernandez. Bilkoin. Legorreta. 2002.
Xabier Iturrate. Beko Iturri. Izarra. 2003.
Iñaki Bergara. Beterri. Tutera. 2004.
Juan Mari Aramendi. Gasteiz erretegia. Donostia. 2005, 2007 eta 2009.
Josu Carabelos. Berazubi. Tolosa. 2006.
Antxon Monzon. Iurre. Tolosa. 2008.
Mikel Azarola. Armuño. Brinkola. 2010.
Isabel Celemin. Urgain. Trintxerpe. Gonbidatua.
Bixente Artola. Xepla. Ibarra. Gonbidatua.
Javier Lazkano. Ostadar. Tolosa. Gonbidatua.
Jose Luis Ostra. Tolosa. Gonbidatua.