Gazte Topagunearen zazpigarren urteurrena ospatuko dute egunotan

Imanol Garcia Landa 2011ko azaroaren 15a

Datozen egunetan Gazte Topagunekoek urtemuga ospatuko dute, zazpigarrena, hain zuzen. Bertako koordinatzailea den Arantxa Agirrek azaldu duenez, «azaroaren 13an da eguna, eta aste honetan egingo ditugu ekimenak». Urtero, urtemugaren inguruan, hainbat txapelketa antolatu ohi dituzte, eta aurtengorako ere hiru egongo dira aukeran: mahai futbola, ping-pong-a eta musa. Horrez gain, Tolosa eta Alegia bitartean dagoen karting zirkuitura joango dira. Igandean, azken egunean, merienda egingo dute.

Ekimenak ostegunean hasiko dira mahai futbol eta ping-pong txapelketekin. Ostiralean egingo dute karting zirkuitura joateko irteera. 17:00ak aldera aterako dira Gazte Topagunetik, eta bizikletarekin joango dira. Parte hartzaile bakoitzak zortzi euro ordaindu beharko ditu.

Hurrengo  egunean  mus txapelketa izango dute. Honetarako azken hilean musean jolasten aritu dira, «gutxiago zekitenak ikasten joateko», esan du Agirrek. Lehiaketetan parte hartzeko aurretik edo egunean bertan eman daiteke izena.

Zazpi urte hauetako balantzea «nahiko ona» dela esan du Agirrek. Hasieran asteburuetan bakarrik hasi ziren Topagunea zabaltzen. Orain lau urte inguru hasi ziren ostegunetan eta ostiraletan ere irekitzen. «Gazte tolosarren erantzuna oso positiboa da», gaineratu du Topaguneko koordinatzaileak. Ostegun eta ostiraletan 17:00etatik 20:00etara dago zabalik  eta asteburuan 16:30etik 20:30era. 12 eta 17 urte arteko gazteei zuzenduta, kultur etxean dago kokatua bilgunea.

Gazteen proposamenak

Asteburuetan gazte gehiago joaten direla dio Agirrek: «Astean zehar gauza gehiago izaten dituzte». Urtemugako ekitaldiez gain, urtean zehar beste zenbaitetan ere antolatzen dituzte ekimen bereziak. Horietako bat azaroaren 25aren inguruan izaten da, hau da, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako egunaren harira. Gabonetan eta udan ere astebeteko ekimenak bultzatzen dituzte.

Horrez gain, beste tailer, ikastaro eta ekimenak ere egiten dituzte Topagunean. «Orain gutxi pizza tailerra egin dugu. Sukaldaritzarekin zerikusia dutenak gustura egiten dituzte», dio koordinatzaileak. «Zenbait eskulanek ere arrakasta dute, adibidez, diademak egitea, edo fimoarekin gauzak egitea». Perkusio ikastaroa ere egin izan dute. «Gazteek beraiek egiten dituzte proposamenak eta guk ere egiten dizkiegu», esan du Agirrek.

Neskak eta mutilak antzeko kopuruan joaten dira Topagunera. «Neskak gehiago joaten dira asteburuetan astean zehar baino», esan du. Parte hartzeari buruz ere, neskak eta mutilak parekatuta daudela dio Agirrek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!