Pasa den larunbatean Laskorainek Zierbenaren aurka jokatu zuen, eta 0-3 galdu zuen.
Azken bi urteetan txapelduna izan da Zierbena, eta 2A mailako Espainiako kopako hamaiseirenetara ere sailkatu berri da. Aurkari gogorra zen, beraz.
Laskoraingoek gogor borrokatu zuten. 2. minutuan bisitariak aurreratu ostean markagailua malda gora izan zuten arren ikastolakoak ez ziren inongo unetan behera etorri.
Penalti eztabaidatu bat tarteko neurketa 0-2 iritsi zen atsedenaldira. Atsedenaldiaren ondoren jokatu zuten hobeen Laskoraingoek. Defentsa zertxobait aurreratu eta minutu luzez parez pare izan ziren bi taldeak, baina gol aukerak sortuagatik ez zuten golik sartu.
0-3 ikusgarriak itxi zuen partida etxekoen ezintasuna areagotuz, baina, Javi eta Aitorren mutilak harro egon behar dute buruturiko lanak zertxobait gehiago merezi izan baitzuen, aukeraren bat emango zien gol bat bai gutxienez. Edozein kasutan Zierbenaren aurkako porrota ez da inolako hondamendia.
Gozatzeko denboraldia dute laskoraindar guztiek, bai jokalariek eta baita zaletuek ere, eta orain artean honelaxe egin dute sei jardunalditan.