Mahai txotxongilo tailerra izango da Topic-en

Itzea Urkizu Arsuaga 2011ko azaroaren 9a

Arketal frantziar taldearen eskutik, mahai txotxongiloen tailerra izango da Topic-en, panpinaren mugimenduari garrantzia berezia emanez.

Heldu eta gazteei zuzenduriko ikastaro honek, lau orduko hiru saio izango ditu;hamabi orduko ikastaroa izango da, beraz.

Txotxongiloa panpina biziduna den aldetik, mugimendua da bizitasuna ematen dion ezaugarria. Hain zuzen ere, txotxongiloaren alderdi hori, bereziki landuko dute Arketal taldeak eskainiko duen tailer honetan.

Besteak beste, ikasleek mahai txotxongiloak egiten ikasiko dute, eta oinarri bezala panpinak bi gailuren bidez mugitzen direla irakatsiko diete arduradunek. Gailu bat buruaren atzeko aldean izaten dute mahai txotxongiloek, eta bestea berriz, soinean. Panpinaren besoak txotxongilolariak mugitzen ditu. Horrela beraz, teknika hau kontuan hartuz, txotxongilo bana eraikiko du ikasle bakoitzak.

Lehenik eta behin, panpinaren ezaugarriak pentsatuko dituzte, honen arabera materialak eta lanabesak aurkezteko. Gero, artikulazio teknikak landuko dituzte. Panpinaren gorputza lotuko dute, eta azkenik kolorea eta apaindurak jarriko dizkiete. Ikastaroa txotxongilo mugitzeko jarraibideekin amaituko da.

Ikastaroa azaroaren 25etik 27ra bitarte izango da Topic-en. Lehenengo egunean, 18:00etatik 21:00etara bitarte ariko dira; azaroaren 26 eta 27an, berriz, 09:30etik 14:00etara bitarteko saioak burutuko dituzte. Gehienez ere hamar lagunek parte hartu ahal izango dute, eta izena ematerakoan 50 euro ordaindu beharko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!