Literatura herritarrei zabaldu nahi die Bonbereneak, Literatura & Art astearekin

Itzea Urkizu Arsuaga 2011ko azaroaren 8a

Literaturaren mundua jendeari zabaltzeko helburuarekin, Literatura & Art astea antolatu dute Bonberenean. Bihar hasi, eta larunbatera bitarteko egitaraua osatu dute, eta liburu aurkezpenez gain, poema musikatuak nahiz inprobisazioa lantzen dutenen kontzertuak ere izango dira.

Bonbereneako Txoan Ormazabalek azaldu duenez, «Bonberenea musikatik hasi zen bere ekimen nagusiak antolatzen, eta gero beste kultur esparru batzuetara zabaldu zen». Honen aurrean, eta «literatura eta irakurzaletasuna hain zabalduta daudenez, literatura ere landu behar genuela pentsatu genuen», dio Ormazabalek. Kulturaren beste adar bat jorratzeko asmoz, iaz hasi ziren, beraz, Literatura & Art astearekin.

Bonberenea antolatzailea den arren, beste eragile batzuekin elkarlanean aritzen dira, eta saio eta ekitaldiak antolatzeko baliabideak eskaintzen dizkiete. 111 Akademia, Bergarako Idazle Eskola eta Literatur Eskola dira eragile hauek, eta bihartik igandera bitarteko jardueretan parte hartuko dute modu batera edo bestera.

Leire Bilbaoren ‘Scanner’

Bihar, 19:00etan, Leire Bilbao ondarroarrak Scanner izeneko bere poema liburua aurkeztuko du. 111 Akademiak aurkezpena antolatzen lagundu die tolosarrei; irakurle talde bat dira, eta profesionalak ez diren arren, liburuak irakurri eta kritiko lanak egiten dituzte.

Susa argitaletxearekin kaleratutako liburua da Leire Bilbaoren Scanner, eta poema liburua da. Liburua egiterakoan eskaner baten lana egin du Bilbaok, barrura begiratuz, eta hori azaleratuz; horregatik eman dio izen hori lanari.

Ilunabar literarioa

Etzi, 19:00etatik aurrera, Ilunabar literarioa izango da Bonberenean. Bergarako Idazle eskolaren laguntzaz izango da ekitaldia. Idazle eskola honek, urte osoan zehar, halako bilkura batzuk egiten ditu hainbat lekutan: idazle eskolako irakasle eta ikasleez gain, bertaratzen direnek ere parte hartzen dute, eta bilkura hauetan guztien testuak irakurtzen dituzte. Horrela beraz, «norberak bere sormen lanak eman ditzake, bertan irakurtzeko», Txoan Ormazabalek azaldu duenez. Ilunabar literarioa, gainera, musikaz lagundua izango da.

‘Martin Larralde’ ostiralean

Bonbereneak, Bonberenea Literaturart sailaren barruko lehen diska-liburua argitaratu berri du. Martin Larralde du izenburua, eta Eneko Barberena eta Mikel Oceja arrasatearren sormen lana da. 40 poemez osatutako liburua da, eta horietatik 11 musikatuak dira.

Ostiralean, 22:30ean, liburuaren aurkezpena izango da, eta diska-liburuak poesia eta musika uztartzen dituenez, emanaldia kontzertu formatuan egingo dutela azaldu du Txoan Ormazabalek.

Barne irudiaren bilakaera

Larunbatean, 10:00etatik 14:00etara bitarte, literatur eskola izango da Bonberenean, Yolanda Arrieta idazlearekin. Literatur Eskolak azaroko bilkura Bonberenean egingo du, eta beraz, elkarlanean antolatu dute jarduera.

Arrietak Barne irudiaren bilakaera, ahozkotik ilustratura izeneko saioa eskainiko du, eta idazleak berak moldatuko du ekitaldia. Hala ere, Txoan Ormazabalek «olerkia, kopla, ipuina eta anzterkiaren bueltan» ibiliko dela azaldu du. Amaitu ondoren, 14:00etan, bazkaria izango da.

Errimak larunbat gauerako

Larunbat gauerako, azkenik, Bonbereneak asteroko kontzertuak antolatu ditu. Aste honetan, ordea, oholtzara igoko diren musikariek nolabaiteko lotura izango dute inprobisazioarekin eta literaturarekin.

Rap eta reggae kantariak ariko dira 22:30etik aurrera, Literatura & Art astea biribiltzeko. Horrela beraz, bertaratuek Bad Sound System, Kodigo Norte eta Rude taldeez gozatzeko aukera izango dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!