Udalaren proiektuak «galerak» izango dituela dio Larramendi auzoko bizilagun talde batek

tolosa 2011ko azaroaren 2a

Larramendi errepidea lurperatzearen alde dagoen bizilagun talde batek bere iritzia plazaratu du udaletxean egindako batzarraren ondoren. Auzokide hauek diotenez, udalak proposatu nahi duen proiektuak bi galera ditu: «Orain dugun proiektua baino gutxiago izango litzateke, eta diru eta, batez ere, denbora galera suposatuko luke».

Zehazki, auzokideek azaldu dutenez, «gure auzoarentzat eskainiko diren ekipamenduek galera handia izango dute, beti ere bigarren aukera horretan Amenabarrek etxe batzuk eraikitzeko eskubidea galtzeagatik, diru batekin konpentsatu beharko baita». Bigarren «galerari» dagokionez, udalaren proposamenak «proiektu berri baten garapena» eskatuko lukeela diote. «Proiektuaren erredakzioa, alegazioak... Ondoren, osoko bilkuratik pasa beharko luke, gero Aldunditik...».

Auzokideek dagoeneko onartuta dagoen proiektu bat dagoela berresten dute. Horrek etxebizitzen erosleekin konpromiso batzuk dituela erantsi dute. Horen aurrean hainbat galdera egiten dituzte: «Nork sortu du hika-mika hau? Zein bizilagun taldek/elkartek eskatu du eztabaida hau? Zergatik sortzen zaigu zalantza hau dagoeneko onartua dagoen proiektu baten inguruan?».

Etorkizuneko proiektuetarako galdeketa sistemetan sinesten dutela diote, «beti ere ez badituzte bere gain hartzen betebeharreko konpromisoak». Hori ez dela Voith-Gorostidiren kasua esan dute: «Gure etxeen prezioek karga urbanistikoak dituzte bere gain, eta horien barne errepidearen lurperatzea dago, beraz, nork du gure diruarekin zer egingo den erabakitzeko eskubidea?».

Lurperatzeak «onurak» eskaintzen dituela diote bizilagun hauek: «Bizi kalitatea, irisgarritasuna eta, batez ere, segurtasuna». Lanean jarraitzen dutela diote, «gure eskubide bat defendatze ko», eta laster bilera orokor batetarako deialdia luzatuko dutela esan dute, «gure argudioak azaltzeko». Bestalde, jarduera horretan lagundu nahi duen edonori eskua luzatzen diotela adierazi dute, eta harremanetarako larramendiauzoa@hotmail.com helbidea utzi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!