Euskarazko aisia sustatzeko asmoz, ‘Ordezko andereñoa’ euskaraz estreinatuko dute

Itzea Urkizu Arsuaga 2011ko azaroaren 3a

Zinea euskaraz ikusteko aukera gutxi izaten da. Tinko euskara elkarteak, ordea, 18 urte daramatza haurrentzako pelikulak euskaraz bikoizten, eta igande honetan Ordezko andereñoa filmaren estreinaldia izango da Leidorren.

Haurrei zine zaletasuna sortzeaz haratago, «euskarari behar zaion duintasuna ematea» izan da Tinkoren helburuetako bat; haurrei aisialdia eta jarduera dibertigarriak euskaraz bizi daitezkeela helarazi nahi izan diete beraz.

Euskararen normalizaziorako pauso bat zine aretoetan haurren gustuko filmeak euskaraz proiektatzea izan zitekeela pentsatu zuten Tinko euskara taldeko kideek, eta bide horretan, 1993-1994 ikasturtean proiektuaren hastapenetako pausoan eman zituzten. Euskarazko lau film eskaini zituzten, eta horrekin batera, euskara eta bestelako baloreak uztartzen zituen materiak didaktikoa ere prestatu zuten.1998. urtean, ordea, egitasmoa areto komertzialetara zabaltze aldera, Eusko Legebiltzarrean proiektua aurkeztu zuen Tinkok, diru-laguntza eskatuz. Egitasmoa onartu egin zuten, eta 1999az geroztik, 35 film bikoiztu eta estreinatu ditu Tinkok.

Europako zinea gehienbat

Haurrentzako euskaratukodituzten filmak aukeratzerako orduan, Tinkoko arduradunek «bazkide sare zabala» dutela azaldu dute. Mundu osoan zehar ibiltzen dira haur eta gaztetxoentzako egokiak izan daitezkeen pelikulen bila. Hala ere, aukeratzen dituzten pelikula gehienak europarrak izaten dira: «film zoragarriak izaten dira, eta haurrek euskaraz bakarrik ikusi ahal izaten dituztenak».

Gaztetxoenentzako zinema euskaraz eskaini ahal izateko, aukeratutako filmeen eskubideak erosi behar izaten ditu Tinkok, lehenik. Honen ondoren, bikoizketaren ardura eurena izan ohi da. Behin pelikula prest dagoenean, zine areto komertzialetan estreinatzen dute pelikula, hilabete batzuk pasa ondoren, herriz herri eta eskolaz eskola filma material didaktikoarekin batera aurkezteko.

Euskarazko 64 filme guztira

Tinkok, 8 filme proiektatzen ditu ikasturte bakoitzean. Euskal Autonomia Erkidegoan zine aretoa duten udalerri guztiekin hitzarmen bat du Tinkok; 43 dira guztira. Modu honetara, guztira euskarazko 64 pelikula proiektatu ditu jada, eta 337 ikastetxetako ikasleak izan dira ikusleak. Azken bost urteotan, beraz, 100.000 ikusle inguru izan dituzte Tinkoren egitasmoaren bidez, euskaraz bikoitutako pelikulek.

Ordezko andereñoa igandean izango da, Leidorren, 17:00etan. Seigarren mailako maistra berriak ikasleen gurasoak engainatuta dauzka, irakaslerik onena dela sinestarazita. Ikasgelan, ordea, itxurak egiterai uzten dio andereñoak, eta gaizto baino gaiztoagoa bihurtzen da. Gainera, umeei pentsamenduak irakurtzeko ahalmena du.

Ordezko andereñoaz gain, ostiralean Bertsolari izango da gaztelerazko azpitituluekin, 22:30ean; azaroaren 7an, berriz, 20:30ean izango da. Azkenik, Gianni y sus mujeres igandean eskainiko dute, 19:30ean eta 22:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!