Azkeneko urteetan abenduan egin izan duten Bedaioko Azoka, aurten aurreratzea pentsatu dute antolatzaileek. Urrira aurreratuz, neguko baldintza gogorrei aurre egin nahi diete. Eta garai honetan, baratzeek dituzten berezko aberastasunak eskaini nahi dituzte, azokan.
Frontoian jarriko dituzte postuak goiz guztian zehar. Zugastibarrena, Etxeberri, Belarmuga, Jazku, Errota, Illorreta, Eskoletxe, Zumizketa, Gurbilla txiki, Gurbil haundi, Arrupe, Eletxe, Bitarte, Larrañeta eta Bedaio Barrena baserriek, hainbat jaki goxo, animali eta beraien baratz eta soroetan mimo handiz erein eta jasotako produktuak izango dituzte erakusgai eta erosgai.
Ez da faltako, gaur egun hainbesteko fama hartu duten babarrunak. Baina babarrunez gain, onak eta gureak diren gaztak, taloak, odolkiak, mondejoak, ogiak, sagarrak,... izango dira. Animalien artean: zaldiak, ahuntzak, oiloak, untxiak, ardiak, behiak,... egongo dira.
Eskulangintzak ere izango du tartea: margolanak, harigileak, artisautza, antzinako lanabesen erakusketa,... Amarotz auzoa ere presente egongo da Bedaion. Beraien bitartez, Nikaraguari lekutxo bat egin diote.
Azkenik, umeek ere lekua izango dute, eta partaidetza zabaldu nahi dute. 12:00etatik 13:00etara bitartean eskulan tailerra izango da txikienentzat. Goizean zehar haurrek azoka girotuko digute beraien musika instrumentuen doinuekin.
Bertako produktuekin osaturiko saski eder bat zozketatuko dute, eta 14:00ak aldera aterako dute zenbaki saritua. Zer ikusia eta zer dastatua izango da Bedaion igandean. Bedaiotarrek, guztiak gonbidatu eta animatu nahi dituzte Azokaz gozatzera.