Artean, oztoporik ez

Imanol Garcia Landa 2011ko urriaren 18a

Gainditzen gorren elkarteak antolatu duen Gorren Komunitatearen VIII. Sentsibilizazio Astean erakusketa bat dago ikusgai Tolosako Aranburu jauregian. Jose Enrike Zeberio margolari tolosarrak eta Jon Balentziaga margolari eta eskultore bergararrak beraien obrak jarri dituzte. Bi artistak gorrak dira, eta beraien lanak Sentsibilizazio Astean erakusteak badu bere helburua, Zeberiok azaldu duenez: «Nik Sentsibilizazio Astearen barruan parte hartu nahi nuen. Arteak gorren komunitatean lekua izatea gustatzen zait: ikusteko, deigarria izateko, gaitasunak ditugula erakusteko, margotu dezakegula erakusteko, oso espresiboak garela adierazteko...».

Erakusketa zabalik izango da azaroaren 15a arte. Asteartetik larunbatera dago irekita, 17:30etik 20:30era. Aranburuko beheko solairuan dago erakusketa. Eskailerak jaitsi eta berehala, bi koadro daude. Balentziagak egin du horietako bat, eta bertan «ongi etorri» irakurri daiteke, bai zeinuen hizkuntzan, bai euskaraz. Bestea Zeberiok eginikoa da. «Nire gor nortasuna adierazten dut bertan», dio.

Artista tolosarrak beste 19 koadro jarri ditu hormetan, horietako batzuk ohiko akuarelarekin egindakoak eta besteak akuarela likidoarekin. «Niri akuarela likidoa gehiago gustatzen zait, koloreak askoz biziagoak eta indartsuagoak direlako», azaldu du. Sei koadroetan ura da gai nagusia eta horiek denak akuarela likidoarekin eginak daude. «Margo mota hori hodietan etortzen da eta hodi horiek erabili ditut margoa koadroaren gainean bota eta koloreen leherketa sortzeko», esan du.

Erakusketako beste bi koadro Txinparta elkartearen lehiaketako irabazleak dira, 2010ean eta 2011n. Protagonistak pertsonak diren koadroak ere jarri ditu ikusgai artista tolosarrak.

Markoak ere artelan

Jon Balentziagak hamabi eskultura jarri ditu, eta bertan hainbat gai islatu ditu, lanen izenek azaltzen dutenez: Bizikleta profesionala baztertua, Abokatuaren omenez, Bost anai arreba ijitu ikastolara bidean, Eiffel dorrearen aurkako zurrunbiloa,... Oteizaren eskultura asko gustatzen zaio eta bere lanetan hori ikusten da. Txikitatik artearekin lotura izan du Balentziagak eta, besteak beste, Arte Ederrak lizentziatura ikasi zuen.

Margolanei dagokionez, paisaiak eta erretratoak ditu gustuko. Hain justu, bere familia guztia azaltzen da obretan: bera, emaztea eta bere bi haurrak. «Argiekin eta itzalekin jokatzen dut, eta asko gustatzen zait begi ingurua», dio Balentziagak. Espresionismoa atsegin du, askatasun handiagoa ematen diolako margotzerakoan.

Balentziagaren koadroen markoak ez dira nolanahikoak. Balentziaga berak egin ditu, eta artelanaren parte garrantzitsu dira. «Gustura nago markoekin. Indarra ematen diote obrari», azaldu du.

Irudien bitartez pentsatu

«Pertsona askok uste dute gorrek ezin dugula artearekin lotura duten gauzak egin», dio Zeberiok. «Baina artearen historiari begiratuz gero, pertsona gor asko izan dira artearekin lotura izan dutenak. Ardura pixka bat ere sentitzen dut gai honen inguruan jendea sentsibilizatzerakoan, hau da, pertsona gorrak artista izan gaitezkeela esatean».

Gorrek espresiorako duten gaitasuna nabarmendu du Zeberiok: «Izatez gorrak askoz espresiboagoak gara, bai keinuak egiterakoan, baita imajinatzerakoan ere. Gure gaitasuna bisuala da. Guk dena irudietan imajinatzen dugu, dena irudietan laburtzen dugu gure buruan eta, beraz, irudien bitartez pentsatzen dugu. Asko mimatzen ditugu xehetasunak, eta horregatik, nire ustez gaitasun handiagoa dugu margotzeko».

Entzuteko gaitasuna dutenek eta gorrek ez dutela pentsamolde berdina dio Zeberiok: «Entzuten dutenek lengoaiari ematen diote garrantzia; hitzen bitartez pentsatzen dute. Gorrek, berriz, irudien bitartez pentsatzen dugu eta horrek asko laguntzen du margotzerakoan, oso bisuala delako».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!