Larunbataz geroztik Topic zentroan bizilagun berriak bizi dira. Cannestik etorri dira, eta 2012ko otsailaren 12a bitartean Tolosan egongo dira ikusgai. Frantziako Cannes hiriko konpainia da Arketal, eta Greta Bruggman eta Sylvie Osmanek zuzentzen dute.
Topicek antolatzen duen aldiriko zazpigarren erakusketa da honako hau. 150 pieza berriz osatua dago, guztiak kalitate handikoak dira, bai zentzu artistikoan, eta baita sentimendu aldetik ere. Pieza hauen edertasunagatik eta eraikitzen erabilitako materialaren plastikotasun eta aldakortasunarengatik nabarmentzen dira.
Konpainia honek, ez ditu bakarrik bere ikuskizunak sortzen. Tailerra denez, txotxongilo sorkuntzaren inguruan hainbat kurtso ematen dituzte.
Konpainia sortu zutenetik, artista plastikoekin edo pintoreekin ari dira lanean. Formen, materialen, koloreen,... aukeraketak estetika berezi eta indartsua ematen die txotxongiloei.
Toki askotan ibili dira Tolosara iritsi diren lan hauek.
Titirijaian, inaugurazioa
Lan hauek duten kalitateagatik Tolosako XIX. Titirijan egoteko aukeratuak izan dira. Nahiz eta dagoeneko ateak zabaldu dituen erakusketak, azaroaren 26tik abenduaren 4ra ospatuko den 2011ko Titirijaian egingo da inaugurazio ofiziala.
Topic zentrora erakusketa berria ikustera joan nahi izanez gero, aste egunez 11:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara dago zabalik. Asteburu edo jai egunetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara zabaltzen ditu ateak.