Erantzunik ezean, SAM enpresako langileek protestekin jarraituko dute

tolosa 2011ko urriaren 11

SAM lantegiko langileek euren mobilizazioak egin dituzte, zuzendaritzak lau langile kaleratu dituelako. Bi aste daramatzate protestak egiten, eta ez dute inolako erantzunik jaso enpresako zuzendaritzaren aldetik.

Langileen ordezkariek argi adierazi dute, ostiralean edo astelehenean berriro elkartuko direla asanblada egiteko. Bertan, hurrengo egunetarako mobilizazio deialdiak zehaztuko dituzte.

 

Astelehenean, greba egin zuten langileek, eta 10:00etan, SAM enpresatik abiatuta kotxe karabana egin zuten. Atzorako ere greba deialdia egina zuten, eta enpresatik abiatuta giza katea eginez Trianguloa plazaraino joan ziren. Bertan, elkartu ziren langile guztiak.

SAM enpresako langileak, «kaleratzerik ez, kaleratuak lantegira» lemapean egon ziren Trianguloa plazan. Herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete.

Irabazi handiak

SAM enpresako batzordeak eta LAB sindikatuko ordezkariek berri eman dutenez, azken urteetan SAM lantegiak irabazi handiak izan ditu, eta aurten ere irabazi «mamitsuekin» itxiko du urtea. Euren esanetan, «hori ez zaio batere axola zuzendaritzari, bere helburuak beste batzuk baitira, langileen bizkar euren irabaziak handitzea».

Gutun azalak egiten dituen lantegiko zuzendaritzak lau langile kaleratu ditu. SAM enpresan 30 urte baino gehiago zeramatzaten lanean; langileek 49, 53, 55 eta 56 urte dituzte. Negoziaketak maiatzean hasi zituzten, eta negoziaketan ibili diren langile ordezkariak, zuzendaritzaren jarrerarekin «beldurtuta», «desilusionatuta» eta etorkizunari begira «keztatuta» agertzen dira.

Horri aurre egiteko, langileek mobilizazioak antolatzea erabaki zuten: «Alde batetik, kaleratuei elkartasuna azaltzeko, eta bestetik, etorri daitekeenaren aurrean erantzun bat prestatzen joateko».

Zuzendaritzaren erantzunik ezean, hurrengo egunetan deituko dituzte mobilizazio berriak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!