Txotxongiloekin eginiko antzezlan berri bat ikusteko aukera izango da, larunbatean, Topic-en, 18:30ean. Oraingoan, La Enananaranja taldeak MA, tren taupadak obra taularatuko du. Antzezlanean «omenaldia egiten zaio amaren irudiari, bere seme-alabengatik guztia emateko eta egiteko prest dagoen ama horri», nabarmendu dute egileek. «Istorio honek, emakume langile, lankide eta oztopo guztien aurka borrokan aritzen den amaren irudia du abiapuntu».
Ikuskizunak irudi asko dauzka eta testu gutxi, txotxongiloen mugimenduei soinuek zuzenean laguntzen die, eszenatokian zehar hainbat eszenografia mugituz agertzen diren bagoietan zehar bidaiatuz. Euskarazko ikuskizuna da, sei urtetik aurrerako haurrentzat zein familia osoarentzat sortua.
Antzezlana oinarri duen ideia Iker Garciarena da. Obrak «hegoaldeko jendeak bizi duen garai latza erakusten du. Oparotasunezko garai baten ondoren, gainbehera dator dena», azaldu du Garciak. «Biziraupenaren historia» dela dio, «emakume batek –ama langile batek– aurre egin nahi die sasoi latzei, bera eta ingurukoak beraien patuaren jabe izan daitezen».