Area 99 taldearen aurka jokatu zuen Laskorain areto futbol taldeak larunbatean 2.B mailako aurtengo denboraldiko bigarren partida. Taldean jokalari askoren baja izan arren, garaipenarekin bueltatu ziren etxera, 2-4ko markagailuarekin, hain zuzen.
«Errespetu osoz» ekin zioten neurketari, arerioak duen «mailaren jakitun». Atzean sendo mantentzeko ideiarekin jardun zuten hasiera-hasieratik, eta Endika atezainaren geldiketa bikainei esker, atea hutsean mantendu zuten tolosarrek. Loitzun izan zen 0-1-ekoa egin zuena, eta Telleriak aldageletara joateko minutu gutxi gelditzen zirenean 0-2koa egin zuen.
Bigarren zatia hasi bezain pronto murriztu zuten aldea etxekoek eta ondorengoak ikastolakoen minuturik estuenak izan arren, 1-2koari eusten jakin eta Belloso eta Jonikoren arteko kontraeraso eder batean 1-3koa egin zuen. Horitxoen azken gola ere Jonikok egin zuen 1-4koa, hain zuzen. Nafarrek zertxobait gerturatzea lortu zuten, 2-4koa sartuz.
Datorren partida etxean, Usabal kiroldegian jokatuko dute, Castro Urdiales taldearen aurka.